Heriotzatik bizira bihurtutako gizaki lez, jarri zeuen gorputz-atalak Jainkoaren zerbitzura.
Senideok: Pekatua ez bedi gehiago nagusi izan zuen gorputz hilkorrean. Ez jarri beraren grina gaiztoen menpean, ezta eskeini be pekatuari zeuen gorputz-atalak, gaiztakeria egiteko tresna bihurtuz. Bestetara, eskeini zeuen burua Jainkoari, heriotzatik bizira bihurtutako gizaki zarienez, eta jarri zeuen gorputz-atalak Jainkoaren zerbitzura, ona egiteko tresna bihurtuz. Holan, pekatuak ez dau zuen gain aginterik izango, ez zagoze-eta legepean, Jainkoaren onginahiaren menpean baino.
Beraz, zer? Pekatu egingo ete dogu, legepean ez, Jainkoaren onginahiaren menpean gagozalako baino? Ez horixe! Badakizue, norbaiten menpean jartzen bazarie esklabo lez hari obeditzeko, obeditzen deutsazuen haren esklabo egiten zariela: pekatuari obeditzeko bada, heriotzara zoaze; Jainkoari obeditzeko bada, barriz, salbazinora.
Baina, Jainkoari eskerrak, pekatuaren esklabo zinienok irakatsi jatzuen ikasbidea bihotzez onartu dozue eta, pekatutik askatuta, onaren zerbitzura jarri zarie.
R/ Gure laguntza Jaunaren izena.
V/. Jauna gure alde egon ez balitz
–esan begi Israelek–,
Jauna gure alde egon ez balitz,
arerioek, gure aurka jasotzean,
bizirik iruntsiko ginduezan,
hasarre-sutan egozan-eta gure kontra. R/.
V/. Urek iruntsiko ginduezan,
uholdeak hondoratuko;
ur indartsuek ginduezan hondoratuko.
Bedeinkatua Jauna, ez gaitu-eta egin
hareen hortzen harrapakin. R/.
V/. Txoria ehiztarien saretik lez gara libratu;
hausi da sarea, eta gu libre geratu.
Gure laguntza Jaunaren izena,
zeru-lurren egilearena. R/.
Zagoze erne, gitxien uste dozuen orduan etorriko jatzue-eta Gizonaren Semea.
Asko emon jakonari, asko eskatuko jako.
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Hartu gogoan hau: etxeko nagusiak, lapurra zein ordutan etorriko dan jakingo baleu, ez leuke etxea zulatzen itziko. Egon prest zeuok be ze, gitxien uste dozuen orduan etorriko da Gizonaren Semea».
Pedrok itaundu eutson: «Jauna, guretzat ala danentzat esan dozu parabola hau?»
Jaunak erantzun: «Izan zaiteze etxejagole zintzo eta zentzunduna lakoak, nagusiak, bere orduan behar dan janaria banatzeko, morroien buru ipini dauana lakoak. Zorionekoa morroi hori, nagusiak, heltzean, agindua egiten aurkitzen badau! Benetan dinotsuet: bere ondasun guztien buru ipiniko dau. Baina morroia, nagusia atzeratu egingo dalakoan, morroi-lagunak eta neskameak jotzen eta jan-edanean eta mozkorkerian hasten bada, gitxien uste dauan egunean eta gitxien uste dauan orduan etorriko jako nagusia, gogor zigortuko dau eta emongo deutso zintzo ez diranek merezidu dabena. Nagusiaren nahia zein dan jakin arren, gauzak harek gura dauan lez eratzen edo egiten ez dituan morroiak zigor gogorra izango dau; nagusiaren borondatea zein dan jakin barik, zigorra merezidu dauan zeozer egiten dauanak, barriz, biguna. Asko emon jakonari, asko eskatuko jako; eta askoren ardura emon jakonari, oraindik kontu handiagoa eskatuko».
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Lukas →