Gizon bakarraren pekatuagaitik heriotza nagusitu bazan, zenbatez gehiago ez ete dira salbatuak nagusi izango betiko bizian!
Senideok: Gizon baten bidez sartu zan pekatua munduan, eta pekatuagaitik heriotza; holan, heriotza gizaki guztiengana zabaldu zan, guztiek egin ebelako pekatu. Izan be, gizon bakar baten pekatuaz danak hil badira be, askoz ugariago zabaldu da danentzat Jainkoaren grazia eta dohaia, beste gizon bakar bati esker, Jesu Kristori esker, hain zuzen be.
Gizon bakarraren pekatuagaitik heriotza nagusitu bazan, zenbatez gehiago ez ete dira betiko bizian nagusi izango bakar batengaitik, Jesu Kristogaitik, salbazinoaren grazia eta dohai oparoa hartzen dabenak!
Beraz, baten pekatuak gizaki guztiei gatxespena ekarri eutsen lez, baten leialtasunak gizaki guztiei salbazinoa eta bizia ekarri deutse. Eta baten obedientzia ezagaitik guztiak pekatari izan ziran lez, baten obedientziagaitik guztiak zuzen izango dira.
Pekatua ugaritu zanean, are ugariago izan zan Jainkoaren onginahia; izan be, pekatua, heriotza ekarriz, nagusi izan zan lez, Jainkoaren onginahia be, gizakia zuzentzat hartuz, nagusi izango da betiko bizia emonez, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
R/ Hemen nozu, Jauna, zure nahia egin dagidan.
V/. Zuk ez dozu sakrifiziorik eta eskeintzarik nahi izan,
ez erre-oparirik eta pekatuen parkamen-oparirik eskatu;
baina belarriak edegi deustazuz.
Horregaitik dinot: «Hemen nozu». R/.
V/. Hau dago nitaz liburuan idatzita:
egin dagidala zure nahia.
Atsegin dot, ene Jainko,
barru-muinetan dot zure legea. R/.
V/. Iragarri dot batzar nagusian zure justizia,
ez ditut ezpanak itxi, ondo dakizu, Jauna.
Poztu eta alaitu beitez Zugaz
zure bila dabiltzanak.
«Handia da Jauna» esan begie beti
zure salbazinoa maite dabenek. R/.
Egon erne eta egin otoitz une oro, zutunik egon ahal zaitezen Gizonaren Semearen aurrean.
Zorionekoak morroi horreek, nagusiak, heltzean, zain aurkitzen baditu!
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Zagoze prest, jantziak lotuta eta kriseiluak biztuta; izan zaiteze nagusia ezteguetatik noiz bihurtuko zain dagozan morroiak bezalakoak, heldu eta atea jo baizen laster edegitzeko prest dagozan morroien modukoak.
Zorionekoak morroi horreek, nagusiak, heltzean, itxaroten aurkitzen baditu! Egia dinotsuet: erropak aldaturik, mahaian jesarriazoko ditu eta zerbitzen hasiko jake. Eta gauerdian nahiz goizaldean badator eta holan aurkitzen baditu, zorionekoak hareek!
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Lukas →