Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXVII. Asteko Ostirala

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
🔍 Bilatu

Jaunaren eguna egun iluna eta baltza.

Jantzi zaiteze doluz

eta egin negar, abadeok;

egizue garrasi, altareko zerbitzariok;

zatoze, emon gaua dolu-jantziz estalduta,

Jaunaren zerbitzariok;

labore-opari eta isur-opari barik

gelditu da-eta Jainkoaren etxea.

Antolatu egizue baraualdia;

egin batzarrerako deia;

batu zaiteze arduradunok eta herritar guztiok

Jaunaren, zeuen Jainkoaren, etxean,

eta egin oihu Jaunari.

Ai! Hau eguna, hau!

Bertan da-eta Jaunaren eguna.

Ahalguztidunaren

hondamen-indarrez dator.

Jo turuta Sionen,

egin irrintzi nire mendi santuan!

Ikaratu bedi lurraldeko jente guztia,

badator-eta Jaunaren eguna, gainean da:

ilunpe-eguna eta kerizpe baltzeko eguna,

hodei-eguna eta laino baltzeko eguna.

Hor dator,

egunsentia mendi gainetara lez,

gudaroste ugari eta indartsua.

Ez da gaur arte holakorik ikusi,

ezta ikusiko ere barriro

gizaldien gizaldietan.

R/ Jaunak epaituko dau zuzentasunez lurbira.

Jauna, bihotz-bihotzez zaitut goratuko,

zure egintza ospetsuak ditut iragarri,

zure ohorez poztu eta jai egingo,

zure izena, Goi-goiko, kantuz ospatuko.

Jentil-herriei gogor egin deutsezu,

gaiztoak hondatu dozuz,

hareen izena betiko ezereztu.

Eurek egindako zulora jausi dira jentil-herriak,

eurek jarritako sarean trabatu jake oina.

Jauna, barriz, errege da betiko,

ezarri dau aurkia auzirako:

justiziaz gobernatzen dau mundua,

zuzenbidez epaitzen herriak.

Nik deabruak Jainkoaren eskuz botaten baditut, heldu da Jainkoaren erreinua zuen artera.

Aldi haretan, Jesusek deabru bat bota ondoren, jendarteko batzuek inoen: «Deabruen buruzagi dan Beeltzebulen indarrez botaten ditu Honek deabruak». Beste batzuek, azpikeriaz, Jainkoagandiko seinale bat eskatzen eutsoen.. Igarri eutsezan Jesusek euren burutazinoak eta esan eutsen: «Bere barruan zatiturik dagoan erreinua erraustu egingo da eta etxea etxearen gain jausiko. Era berean Satanas ere: bere barruan zatiturik badago, zelan iraun daike haren erreinuak? Zuek dinozuenez, Nik deabruak Beeltzebulen indarrez botaten ditut. Baina Nik deabruak Beeltzebulen indarrez botaten baditut, noren indarrez botaten dabez zuen ikasleek? Horregaitik, zeuen ikasleak izango dozuez epaile. Baina Nik deabruak Jainkoaren indarrez botaten baditut, garbi dago heldu dala zuen artera Jainkoaren erreinua.

Gizon indartsu batek, armaturik, bere jauregia zaintzen dauan bitartean, seguru daukoz bere ondasunak. Baina indartsuago batek eraso eta menperatzen badau, segurantzea emoten eutsoen armak kendu eta hari harrapatutako gauzak banatu egingo ditu. Nire alde ez dagoana nire kontra dago, eta Nigaz batzen ez dauanak sakabanatzen dihardu.

Espiritu txarra, norbaitegandik urten ondoren, leku idorretan zehar ibili ohi da atseden bila; baina aurkitzen ez dauala, bere buruari esaten deutso: "Bihurtu naiten urten nebaneko neure etxera". Heltzean, etxea garbituta eta apainduta aurkitzen dau. Orduan, joan eta beste zazpi espiritu hartzen ditu, bera baino txarragoak, eta gizakiagan sartu eta bertan jarten da bizi izaten. Holan, pertsona horren azken egoerea lehengoa baino okerragoa izaten da».