Hona non datorren Jaunaren eguna, labea sutan lez.
Hau dino Jaunak: «Berba gogorrak esan dozuez nire kontra. Eta holan ere, "Zer esan dogu, bada, zure kontra?" dinozue. Hara zer esan dozuen: "Alperrik da Jauna zerbitzea. Zer lortzen dogu haren aginduak betez eta Jaun ahalguztidunaren aurrean dolu eginez? Bestela baino, harroak dirala zoriontsu ikusten dogu. Gaizkileak gero eta hobeto bizi dira eta, Jainkoari erronka eginda ere, zigor barik gelditzen dira"».
Orduan, Jaunari begirunea eutsoenek alkarren artean berba egin eben. Jaunak arretaz entzun eutsen. Jaunaren aurrean liburu bat idatzi zan, berari begirunea deutsoenen eta aintzat hartzen dabenen oroigarritzat.
Honan dino Jaun ahalguztidunak: «Neureak izango ditut horreek, neure jabetza berezia, Neuk ekingo deutsodan egunean. Errukia izango deutset, aitak seme zintzoari errukia deutsan lez. Orduan ikusiko dozue barriro zintzoaren eta gaiztoaren arteko aldea, Jainkoa zerbitzen dauanaren eta ez dauanaren arteko aldea».
Hau dino Jaun ahalguztidunak: «Badator eguna, labea baizen kiskalgarria. Harro eta gaizkile guztiak lasto izango dira, eta etortekoa dan egunak zeharo kiskaliko ditu; ez deutse itziko, ez zuztarrik, ez abarrik. Baina zuentzat, nire izenari begirunea deutsazuenentzat, eguzkia lez agertuko da nire juztizia, errainuetan osasuna dakarrela».
R/ Bai dohatsu Jaunagan itxaropide dauan gizakia.
Bai dohatsu gaiztoen asmoari jarraitzen ez deutsana,
hobendunen bidean ez dabilena,
lotsabakoen batzarrean jezarten ez dana.
Bestetara, Jaunaren legean atsegin dauana,
gau eta egun Haren legea hausnartzen dauana. R/.
Ur ertzean aldaturiko zuhaitza lakoa izango da,
bere sasoian emoten dau frutua,
eta orririk ihartzen ez jako,
zeregin guztietan ondo doakio. R/.
Ez holan gaiztoak, ez holan:
haizeak daroan lastoa lakoak izango dira.
Zintzoen bidezain Jauna dago-eta;
gaiztoen bidea, barriz, hondamendirako. R/.
Eskatu egizue, eta emongo jatzue.
Aldi haretan, esan eutsen Jesusek ikasleei: «Emon dagigun, zuetako batek adiskide bat dauala eta gauerdian jatorkola, esanez: "Adiskide, emoidazak hiru ogi, bihurtuko deuadaz-eta; lagun bat etorri jatak bidaian eta ez jaukat zer eskeini". Emon dagigun, besteak barrutik erantzuten deutsola: "Itzi nagik bakean! Atea itxita jagok eta umeak eta neu oheratuta; ezin naitekek emotera jagi". Hona Nik esan: adiskidea daualako ez bada ere, aspergarri izan ez dakion behintzat, jagi eta emon egingo deutso behar dauana».
Hauxe esaten deutsuet, beraz: «Eskatu, eta emongo deutsue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko dozue; jo atea, eta zabalduko deutsue; eskatzen dauanak hartu egiten dau-eta, bilatzen dauanak aurkitu, eta atea joten dauanari zabaldu egiten jako. Zuetako norbaitek, aita izanik, semeak arraina eskatuta, sugea emongo ete deutso arrainaren ordez? Edota arrautzea eskatuta, eskorpioia emongo ete deutso? Beraz, zuek, gaiztoak izanik ere, zeuen seme-alabei gauza onak emoten baldin badakizue, zenbatez gehiago ez deutse zeruko zuen Aitak Espiritu Santua emongo eskatzen deutsoenei?»
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Lukas →