Zuk erruki deutsazu landare honi. Eta Nik ez ete deutsat erruki izango Ninibe uri handiari?
JONASEK oso txarto hartu eban Jaunaren erabagia eta sumindu egin zan.
Eta otoitz hau egin eutson Jaunari: «Ai, Jauna! Neure herrian nintzala,
iruditu jatan, bai, holan jazoko zala. Horrexegaitik, hain zuzen, nahi izan
neban Tarsisera ihes egin. Banenkian Jainko bihozbera eta errukiorra
zarana, hasarregatxa eta onginahiz betea, bere mehatxuez damutzen dana.
Orain, Jauna, kendu niri bizia. Hobe dot hil, bizi baino». Jaunak itaundu
eutson: «Ba ete dozu zertan holan sumindu?»
Jonas, uritik urten eta, uriaren sortaldean jesarri zan. Han txabola bat
eraiki eta kerizpean jesarri zan, uriari zer jazoko begira.
Orduan, Jainko Jaunak landare bat haziarazo eban, Jonas baino
handiagoa, buruan kerizpea egin egion eta sukarretik libratu egian. Jonas
biziro poztu zan landareagaz.
R/ Ona zara, Jauna, eta parkabera.
V/.
Erruki nitaz, Jauna,
Zuri deika nabil-eta egun osoan.
Alaitu egizu zerbitzari honen bihotza,
Zugana jasoa dot-eta gogoa, Jauna. R/.
V/.
Ona zara, Jauna, eta parkabera,
dei egiten deutsuenentzat onginahiz betea.
Entzun nire otoitza, Jauna,
jaramon egin nire erregu-oihuari. R/.
V/.
Egin dozuzan nazino guztiak
zure aurrean ahuspeztera etorriko dira, Jauna,
eta zure izena ospatzera.
Handia zara, eta mirarigilea,
Zeu bakarrik Jainko. R/.
Jauna, irakatsi eiguzu otoitz egiten.
Aldi haretan, Jesusek otoitzean ziharduan leku batean; amaitu ebanean, bere ikasleetako batek esan eutsan: «Jauna, irakatsi eiguzu otoitz egiten, Joanek bere ikasleei irakatsi eutsen lez».
Jesusek esan eutsen: «Otoitz egitean, esaizue:
"Aita, santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
emoiguzu egunean eguneko ogia,
eta parkatu gure pekatuak
guk ere zor deuskuen guztiei
parkatzen deutsegun ezkero,
eta ez gu tentaldira eroan"».
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Lukas →