Ninivetarrak euren bide okerretik bihurtu ziran.
Jaunak barriro berba egin eutsan Jonasi eta esan eutsan: «Ea, zoaz Ninive uri handira, eta iragarri egizu han Nik emoten deutsudan mezua».
Ninivera joan zan Jonas, Jaunak agindu eutsan lez. Ninive uri izugarri handia zan; hiru eguneko bidea eban alderik alde. Sartu zan Jonas urian eta egun bateko bidea egin eban, mezu hau iragarriz: «Berrogei egunen buruan, Ninive birrindua izango da».
Sinestu eutsoen ninivetarrek Jainkoari eta barau-deia zabaldu eben, eta danak, handi eta txiki, dolu-jantziz estaldu ziran. Heldu jakon barria Niniveko erregeari ere eta, tronutik jagirik, errege-jantziak erantzi eta dolu-jantziz estaldu zan, eta errautsetan jesarri. Gero, erregearen eta beronen ministroen agindu hau zabaldu eban Niniven: «Jente eta abere, behi eta ardi, ez begi batek ere ezer dastatu, ez begie larratu, ez begie edan. Jenteak eta abereak estaldu beitez dolu-jantziz; iragarri begie gartsu Jainkoa, eta bihurtu beitez danak euren bide okerretatik eta indarkeriazko euren egintzetatik. Haren baten atzera egingo dau Jainkoak ere eta damutuko da, haren baten amatauko da haren hasarre-sumina, eta ez gara galduko».
Ikusi eban Jainkoak ninivetarrek egin ebena eta euren bide okerretatik bihurtu zirala, eta damutu egin zan hareei egindako mehatxuaz, eta ez eban bete.
R/ Gure erruak gogoan badaukazuz, Jauna,
nor dagoke zutunik, Jauna?
V.
Barru-barrutik dei egiten deutsut, Jauna;
entzun, Jauna, nire deia!
Begoz erne zure belarriak
nire erregu-oihura. R/.
V.
Erruak kontuan badozuz, Jauna,
nork iraun zutunik, ene Jauna?
Baina Zuri parkamena dagokizu,
Zuganako begirunean bizi gaitezan. R/.
V.
Itxaron begi Israelek Jaunagan,
Jaunarena da-eta maitasuna,
harena askapen betea.
Harek askatuko dau Israel
bere erru guztietatik. R/.
Marta, estu eta larri zabilz zu gauza askogaz
Aldi haretan, sartu zan Jesus herritxo baten, eta Marta eritzon emakume batek bere etxean hartu eban. Baeban honek Maria izeneko aizta bat; eta hau Jaunaren oinetan jarrita, Haren berbea entzuten egoan.
Martak, barriz, baeukan nahiko lan etxeko zereginetan; eta, aurrean jarri eta esan eutsan Jesusi: Jauna, ez ete deutsu bape ardura, nire aizteak ni lanean bakarrik izteak? Esaiozu niri laguntzeko. Eta Jaunak erantzun: Marta, Marta, estu eta larri zabilz zu gauza askogaz; eta bat bakarra izan beharrezkoa. Mariak alderik onena aukeratu dau, eta ez jako hoti kenduko.
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Lukas →