Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXVII. Asteko Astelehena

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
★ Francisco de Asis Santua (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Jagi zan Jonas, eta Jaunaren aurretik ihes egin eban.

Honan berba egin eutsan Jaunak Jonasi, Amitairen semeari: «Ea, zoaz Ninive uri handira, eta iragarri egiozu Niganaino heldu dala beraren gaiztakeria». Abiatu zan, bai, Jonas, baina Tarsisera ihes egiteko asmoz, Jaunagandik urrun. Jafara jatsi eta Tarsisera joian itsasontzi bat aurkitu eban. Bide-saria ordaindurik, ontziratu zan, ontzikoekin batera Tarsisera joateko, Jaunagandik urrun.

Baina Jaunak haizerauntsia urtenazo eban eta ekaitz gogorra sortu zan itsasoan, ontzia lehertzeko zorian jarriz. Marinelak guztiz bildurtu eta nor bere jainkoari oihuka ziharduen. Ontziaren zama arintzeko, hornigaiak itsasora bota ebezan.

Bitartean, Jonas ontzi barrenera jatsia zan eta etzunda lozorroan egoan.

Hurreratu jakon kapitana eta esan eutsan: «Zer egiten dozu hor lotan? Jagi eta egiozu dei zeure Jainkoari, ea gutaz arduratzen dan eta ez garan galtzen».

Marinelek alkarri inotsen: «Zotz egin dagigun, zoritxar honen erruduna nor dan jakiteko». Zotz egin eben, eta Jonasi urten eutsan. Orduan, itaundu eutsoen: «Esaiguzu zergaitik jatorkun zoritxar hau? Zein da zure bizibidea? Nondik zatoz? Zein lurralde eta herritakoa zara?»

Jonasek erantzun eutsen: «Hebrearra naz eta Jauna adoratzen dot, zeruko Jainkoa, itsasoa eta lehorra egin ebazana».

Eta jazotakoaren barri emon eutsen. Jaunagandik ihesi ebilela jakitean, bildur-ikarak hartu ebazan, eta esan eutsoen: «Zergaitik egin dozu hori? Zer egin behar deutsugu, itsasoa baretzeko?» Izan ere, itsasoa gero eta hasarreago egoan.

Jonasek erantzun eutsen: «Hartu nagizue eta bota uretara, eta baretuko jatzue itsasoa, jakin badakit-eta ekaitza nire erruz jazo jatzuela».

Holan ere, arraunean ziharduen marinelek, lehorrera heldu guran; baina alperrik, itsasoa gero eta hasarreago egoan-eta.

Orduan, Jaunari oihuka hasi jakozan: «Arren, Jauna, ez gaitezala gizon horren erruagaitik galdu, ez dagigula errubako bat hil ere! Jauna, Zeuk holan nahita, egin dozu guzti hau».

Eta Jonas hartu eta itsasora bota eben, eta une berean baretu zan itsasoaren hasarrea. Gizon hareek bildur handia hartu eutsoen Jaunari, eta sakrifizioa eskeini eta promesak egin eutsoezan.

Jaunak arrain handi bat bialdu eban Jonas irensteko. Eta hiru egun eta hiru gau egin ebazan Jonasek arrainaren sabelean. Gero, Jonas lehorrera botateko agindu eutsan Jaunak arrainari.

R/ Zeuk atara dozu, Jauna, zulotik nire bizia.

Nahigabean Jaunari ohiu egin neutsan,

eta entzun ninduan;

Lezearen sabeletik dahadar egin neban,

eta nire berbea entzun zenduan.

Jaurtia ninduzun ondarrera,

itsasoaren barrenera;

urak inguratua neunkan

zure olatu eta ur-tontorrak

nire gainetik igaro ziran.

Holan ninoan: “Urratua nozu zeure aurretik;

noiz ikusiko ete nik barriz zure jauretxe santua!”.

Barruko kemena galtzean,

Jaunaz gomutau nintzan;

eta heldu zan nire otoitza Zugana,

zure jauretxe santura.

Nor dot nik nire lagun hurko?

Aldi haretan, lege-maisu batek jagi eta azpikeriaz itaundu eutsan Jesusi: «Maisu, zer egin behar dot ondaretzat betiko bizia jasoteko?» Jesusek esan eutsan: «Zer dago idatzita Moisesen legean? Zer irakurten dozu?»

Harek erantzun: «Maitatu egizu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, indar guztiz eta adimen guztiz; eta lagun hurkoa zeure burua lez». Jesusek erantzun eutsan: «Ederto erantzun dozu. Bete hori eta bizia izango dozu». Baina, lege-maisuak, itaun bidezkoa zala adierazo nahirik, esan eutsan Jesusi: «Eta nor da nire lagun hurkoa?»

Jesusek, orduan: «Behin batean, gizon bat joian Jerusalemetik behera Jerikorantz, eta lapurren eskuetan jausi zan. Lapurrek eukazanak kendu eta, egurtu ondoren, alde egin eben, erdi hilik itziz.

Hain zuzen, abade bat etorren bide haretan behera eta, gizona ikusi ebanean, bidetik baztertu eta aurrera jo eban. Beste horrenbeste egin eban handik igaro zan tenpluko levitar batek ere: ikustean, bidetik baztertu eta aurrera jo eban.

Baina bidaian zan samariar bat bertara heldu eta, ha ikustean, errukitu egin jakon. Hurreratu eta zauriak lotu eutsazan, orioz eta ardoz igurtzi ondoren; gero, bere asto gainean jarri, ostatura eroan eta bere ardurapean hartu eban. Biharamunean, zidarrezko txanpon bi atara eta ostalariari emon eutsazan, esanez: "Zaindu egizu eta, gehiago gastatzen badozu, hurrengoan natorrenean ordainduko deutsut".

Zure ustez, hirurotan zeinek jokatu eban lagun hurko lez lapurren eskuetan jausitako gizonagaz?» Lege-maisuak erantzun eutsan: «Haretaz errukitu zanak». Jesusek esan eutsan, orduan: «Zoaz eta egin zeuk ere beste horrenbeste».