Eta biak haragi bat izango dira.
JAINKO Jaunak esan eban: «Ez da on gizona bakarrik egotea; emon
deiodan berari dagokion laguntza».
Jainko Jaunak landako abere eta zeruko hegazti guztiak moldatu ebazan
lurretik eta gizonari eroan eutsozan, zein izen emoten eutsen ikusteko;
honan, bada, bizidun guztiek gizonak ezarritako izena daroe. Beraz,
gizonak izena ezarri eutsen abere guztiei, zeruko hegazti guztiei eta piztia
guztiei; baina ez eban aurkitu berari egokion laguntzarik.
Orduan, Jainko Jaunak lozorroan murgilduarazo eban gizona. Loak
hartu ebanean, saihets-hazur bat kendu eutson eta hutsunea haragiz bete.
Gizonari kendutako saihets-hazurraz emakumea moldatu eban Jainko
Jaunak, eta gizonari eroan eutson. Honek esan eban:
«Hau bai dala nire hazurretik datorren hazur,
nire haragitik datorren haragi.
Emakume izango da deitua,
gizakumeagandik izan da-eta hartua».
Horregaitik, gizasemeak bere aita-amak itziko ditu eta emazteagaz
alkartuko da, eta biak haragi bat izango dira.
Jaunak esana.
R/ Jaunak bedeinkatu gaizala, gure bizitzako egun guztietan.
Zorionekoa Jaunari begirune deutsana
eta haren bideetan dabilena!
Zeure lanaren frututik jango dozu,
zoriontsu izango zara eta ondo joango jatzu. R/.
Emaztea mahatsondo emonkorraren antzeko
zure etxe barruan;
seme-alabak orio-kimuen antzeko
zure mahai inguruan. R/.
Hara zelan izango dan bedeinkatua
Jaunari begirune deutson gizona!
Bedeinkatu zaizala Jaunak Siondik,
gozatu zaitezala Jerusalemen zorionaz
zeure bizitzako egun guztietan. R/.
Ikusi dagizuzala zeure umeen umeak!
Bakea Israeli! R/.
Santutzailea eta santu eginak, guztiak jatorri batetik datoz.
SENIDEOK: Aingeruen pareko egina izan dan Jesus ha aintzaz eta ohorez koroatua ikusten dogu, jasan eban heriotzagaitik; izan be, Jainkoaren onginahiaz, guztien onerako jasan eban-eta heriotza.
Jainkoak, gauza guztien sorburu eta helburu danak, seme-alaba asko aintzara eroan gura eban. Egoki zan, beraz, hareek salbazinora gidatuko ebazan burua, Jesus, oinazeen bidez bete-beteko egitea. Izan be, bai santu egiten dauan Jesusek, bai honek santu egiten dituanek, jatorri bera dabe danek. Horregaitik, Jainkoaren Semeari ez deutso lotsarik emoten honeei anai-arreba deitzeak.
R/. Aleluia. V/. Alkar maite badogu, Jainkoa gugan dago, eta haren maitasuna bere betera heldu da gugan. R/.
Jainkoak bat egin dauana ez begi gizakiak banatu.
ALDI haretan, hurreratu jakozan fariseu batzuk Jesusi eta, ha
zertan harrapatuko, itaundu eutsoen: «Bidezko ete jako gizonari
andrea iztea?» Harek erantzun eutsen: «Zer agindu eutsuen
horren gainean Moisesek?» Eta hareek: «Moisesek dibortzio-agiria idatzi
eta emaztea izteko baimena emon euskun».
Jesusek esan eutsen: «Zeuen burugogorkeriagaitik emon eutsuen
Moisesek lege hori. Baina, munduaren hasieratik, Jainkoak gizonezko eta
andrazko egin zituan; horregaitik, gizasemeak bere aita-amak itziko ditu eta
emaztearekin alkartuko da, eta biak bat izango dira. Beraz, aurrerantzean ez
dira bi, bat baino. Holan, bada, Jainkoak bat egin dauana ez begi gizakiak
banatu».
Gero, etxean, arazo berberari buruz itaundu eutsoen ikasleek. Jesusek
esan eutsen: «Bere emaztea itzi eta beste bategaz ezkontzen danak
adulterioa egiten dau lehenengoaren kontra; eta bere senarra itzi eta beste
bategaz ezkontzen dan emazteak, adulterioa egiten dau era berean».
Jaunak esana.
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Markos →