Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXVI. Asteko Astelehena

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
★ Vicente de Paul Santua (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Nik salbatuko dot nire herria, sortaldeko lurretatik eta sartaldekoetatik.

Egun hareetan, honan berba egin eban Jaun ahalguztidunak: «Hau dino Jaun ahalguztidunak:

"Maitasun minberaz maite dot Sion,

maitasun-garretan nago beragaitik".

Hau dino Jaunak:

"Bihurtuko naz Sionera,

Jerusalemen erdian naz biziko;

Jerusalem "Uri leial" deituko da,

Jaun ahalguztidunaren Sion mendia "Mendi santu".

Hau dino Jaun ahalguztidunak:

"Barriz ere jesarriko dira

adineko gizon-emakumeak

Jerusalemeko plazetan,

nork bere makilea eskuan,

zaharraren zaharrez;

uriko kaleak neska-mutikoz beteko dira,

plazetan jolasean".

Hau dino Jaun ahalguztidunak:

"Egun hareetan,

herri honetan bizirik geldituak

hori ezinezkotzat joko badabe ere,

ez da niretzat ezinezko izango".

Hau dino Jaun ahalguztidunak:

"Neuk salbauko dot neure herria,

sortalde eta sartaldeko lurraldeetatik

ekarriko ditut,

eta Jerusalemen erdian biziko dira.

Neure herri izango ditut Nik,

eta euren Jainko izango nabe hareek,

leialtasunez eta zuzentasunez"».

R/ Zerutik lurrera begiratu dau Jaunak.

Begirunea izango deutsoe nazinoek Jaunaren izenari,

lurreko errege guztiek haren aintzari,

Jaunak Sion barriro eregitean

eta Bera aintzaz betea agertzean.

Bihurtuko da zapalduaren otoitzera,

ez dau gutxietsiko haren eskaria. R/.

Bego hau idatzirik hurrengo gizaldiarentzat,

eta sortzear dagoan herriak goratuko dau Jauna.

Jaunak bere santutegi garaitik begiratu dau,

zerutik lurrera begiratu,

gatibuen aieneak entzuteko

eta heriotzara kondenatuak askatzeko. R/.

Zure zerbitzarien seme-alabak seguru biziko dira,

hareen ondorengoek iraungo dabe zure aurrean.

Iragarri dagiela Sionen Jaunaren izena,

Jerusalemen haren gorespena,

herriak euren erregeekin batera

Jauna gurtzera batuko diranean. R/.

Zuen artean txikiena dana, hori da handiena.

Aldi haretan, eztabaidea sortu zan ikasleen artean, nor ete zan euren artean handiena.

Igarri eutsezan Jesusek euren burutazinoak eta, umetxo bat hartu, hareen ondoan jarri eta esan eutsen: «Ume hau nire izenean onartzen dauanak Neu onartzen nau, eta Ni onartzen nauanak bialdu nauan Ha onartzen dau. Izan ere zuetan txikiena, horixe da-eta handiena».

Orduan, Joanek esan eutsan: «Maisu, gizon bat ikusi dogu zure izenean deabruak botaten, eta galazo egin gura izan deutsagu, ez da-eta gure taldekoa».

Baina Jesusek erantzun eutsan: «Ez galazo, izan ere zuen aurka ez dagoana zuen alde dago-eta.».