Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zehar XXIII Igandea

Urtean Zehar Igandea B zikloa I urtea
🔍 Bilatu

Gorren belarriak zabalduko dira, eta mutuaren mihinak oihu egingo dau pozez.

Esan bihotz-bildurtiei:

«Eutsi gogor! Ez izan bildurrik!

Horra zuen Jainkoa!

Berbera dator zuek salbatzera

eta merezia daben zigorra arerioei emotera».

Orduan, itsuen begiak edegiko dira

eta gorren belarriak zabalduko;

herrenak basahuntzak lez jauzi egingo dau

eta mutuaren mihinak oihu egingo pozez.

Urak sortuko dira basamortuan

eta errekak eremuan;

lur errea aintzira bihurtuko da

eta lur egarritua iturri.

R/ Goratu egizu Jauna, nire barrua. Edota: Aleluia.

V/.

Betiko eusten deutso Jaunak bere leialtasunari.

Zapalduen eskubideak defendatzen ditu,

gose diranei ogia emoten.

Jaunak askatzen ditu presoak. R/.

V/.

Jaunak zabaltzen ditu itsuen begiak,

Jaunak jasotzen konkortuak,

Jaunak maitatzen zintzoak,

Jaunak ditu etorkinak zaintzen. R/.

V/.

Umezurtzei eta alargunei zutunik deutse eusten,

baina gaiztoen nagusitza iraultzen.

Jauna errege da betieran,

zure Jainkoa, Sion, errege gizaldien gizaldietan! R/.

Jainkoak ez al ditu, bada, behartsu diranak aukeratu, erreinuaren oinordeko izan daitezan?

Ene senideok: Ezin alkartuak dira Jesu Kristo gure Jaun aintzatsuagan dozuen sinesmena eta pertsonen artean bereizkuntza egitea.

Emon dagigun zuen batzarrean gizon bi sartzen dirala, bata aberatsa, urrezko eraztunez eta dotore jantzita, eta bestea pobrea, zarpail jantzita; eta dotore jantzitakoari sekulako begiramenez esaten deutsazuela: «Jesarri zu hemen, ohorezko tokian»; pobreari, barriz: «Hago hi hor zutunik», edota «jarri adi lurrean, nire oinazpikoaren ondoan». Holan jokatuz, ez al diharduzue zeuen artean bereizkuntza egiten, eta ez al dozue irizpide okerrez epaitzen?

Entzun, ene senide maiteok: Ez al ditu aukeratu Jainkoak munduaren begietan pobre diranak, sinesmenez aberats izateko eta Bera maite dabenei agindutako erreinua ondaretzat jasoteko?

Gorrei entzunazo deutse eta mutuei berba eginazo.

Aldi haretan, itzi eban Jesusek Tiro aldea eta, Sidonetik, Galileako itsasora bihurtu zan barriro, Dekapolisko lurraldean zehar.

Gizon gor eta berbamotel bat eroan eutsoen, eta eskua gainean ezarteko eskatu. Jesusek, jenteagandik aparte harturik, hatzamarrak belarrietan sartu eutsazan eta txistuz mihina ikutu. Gero, zerurantz begiratuz, zizpurua egin eta esan eutsan: «Effetá», hau da, «Edegi». Eta une berean, belarriak edegi jakozan, mihina askatu eta garbi berba egiten hasi zan.

Jazotakoa inori ez esateko agindu eutsen Jesusek; baina zenbat eta gehiago agindu, orduan eta gehiago zabaltzen eben.

Zeharo harrituta, honan inotsen: «Ondo egin dau dana: gorrei entzunazo eta mutuei berba eragin».