Jainkoak Beragaz baketu zaitue, Haren aurrean herri santu, garbi eta pekatubakoa agertu zaitezen.
Senideok: Zuek, sasoi batean, Jainkoagandik urrun zengozen eta haren arerio zineen zeuen egintza txarrakaitik. Baina orain, Kristok bere gorputz hilkorrean jasandako heriotzeari esker, Beragaz adiskidetu zaitue Jainkoak, beraren aurrean santu, errubage eta akats bako agertu zaitezen. Horretarako, ostera, fedean sendo oinarrituak eta entzun dozuen Barrionari esker dozuen itxaropenean ondo zuztartuak iraun behar dozue. Barrion hori zerupeko izaki guztiei iragarri jake, eta ni, Paulo, Barrion horren zerbitzari egin nau Jainkoak.
R/ Nik Jainkoa dot laguntzaile.
V/.
Ene Jainko, salbatu nagizu zeure izenagaitik,
defendatu nire auzia zeure ahalmenaz.
Entzun, ene Jainko, nire otoitza,
makurtu belarria nire ahoko hitzetara. R/.
V/.
Baina nik Jainkoa dot laguntzaile,
Sakrifizioak eskeiniko deutsudaz bihotz-bihotzez,
zure izena goratuko, Jauna, ona zaralako. R/.
Zergaitik egiten dozue zapatuz zilegi ez dana?
Behin batean, zapatuz gari-soloetan zehar joian Jesus. Eta ikasleek galburuak moztu, eskuetan aletu eta jaten ziharduen.
Fariseu batzuek esan eutseen: «Zelan diharduzue egiten, zapatuz zilegi ez dana?»
Jesusek erantzun eutsen: «Ez al dozue irakurri Davidek egin ebana, bera eta beraren lagunak goseak aurkitu ziranean? Jainkoaren etxean sartu eta, Jaunari eskeiniriko ogiak hartuz, jan egin ebazan, eta bere lagunei ere emon eutsezan, legez abadeek bakarrik jan eikeezan ogiak izanik».
Eta esan eutsen: «Gizonaren Semea zapatuaren nagusi da».
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Lukas →