Jainko ikusezinaren irudi da Jesu Kristo,
sorkari guztietan lehensemea.
Beronen bidez dira-eta eginak gauza guztiak,
zeru-lurretakoak, agiri diranak eta ez diranak:
Aurlki, Jaun, Nagusi eta Agintedunak;
gauza guztiak Beraren bidez
eta Berarentzat dira eginak.
Diran guztiak baino lehenago da Bera,
eta guztiek Beragan diraue.
Gorputzaren buru ere Bera da,
Eleizearen buru, hain zuzen ere.
Bera da hasierea, hilen arteko lehensemea,
diran guztietan Bera izan daiten lehenengoa.
Jainkoaren gogoko izan da-eta
betearen betea Haregan egotea,
eta, haren bidez, gauza guztiak Beragaz adiskidetzea;
haren kurutzeko odolaz bakeak eginik,
zeru-lurretan diran guztiekin.
R/ Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari.
Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,
Jaunari zerbitzu alai egiozue,
haren aurrera pozez oihuka sartu zaiteze. R/.
Jakizue Jauna dala Jainko,
Berak egin gaitu, Berarenak gara,
Beraren herri eta larreko artalde. R/.
Sartu zaiteze ateetatik eskerrak emonez,
haren atarietan gorazarreka,
emon eskerrak, bedeinkatu haren izena. R/.
Onbera da-eta Jauna,
haren maitasuna betidaino,
haren leialtasuna mendeen mendeetaraino. R/.
Etorriko da senar barria kenduko deutseen eguna; orduan, bai, egun haretan egingo dabe barau.
Aldi haretan, fariseuek eta lege-maisuek esan eutsoen Jesusi: «Joanen ikasleek sarri egiten dabe barau eta otoitz, baita fariseuen ikasleek ere; zureek, ostera, jan eta edan dihardue».
Jesusek erantzun eutsen: «Zelan nahi dozue ezteguetara deituek barau egitea, senar barria eurakaz dabela? Etorriko jake, bai, senar barria kenduko deutseen eguna; orduan, egun haretan, egingo dabe barau».
Parabola hau ere esan eutsen: «Inork ez dau jantzi barririk urratzen, zaharrari adabakia ipinteko; bestela, jantzi barria hondatu egingo litzateke, eta zaharrari ez litzakio barriaren adabakia egoki etorriko.
Ez dau inork ardo barririk ere sartzen zahagi zaharretan; ardo barriak zahagiak lehertu egingo leukez, eta ardoa isuri eta zahagiak galdu egingo litzatekez. Ardo barria zahagi barrietan sartu behar da. Ardo zaharragaz ohituta dagoanak ez dau barririk gura, "zaharra hobea dok" esaten dau-eta».
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Lukas →