Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXII. Asteko Osteguna

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
🔍 Bilatu

Berak atara gaitu ilunpearen menpetik eta bere Seme maitearen erreinura aldatu.

SENIDEOK: Zuen jokabidearen barri izan genduanetik, eten barik dihardugu zuen alde otoitzean. Jainkoari eskatzen deutsagu, jakituria osos eta Espirituak emoten dauan ulermenaz jantzirik, Jainkoaren nahia bete-betean ezagutu dagizuela. Holan, Jaunak nahi dauan eran biziko zarie, atsegin dauan guztia eginez, era guztietako egintza onak frututzat emonez eta Jainkoa gero eta hobeto ezagutuz.

Haren ahalmen aintzatsuak indartzen zaitue, dana jasateko iraupena eta pazientzia izan dagizuen eta, pozez beterik, eskerrak emon deiozuezan Aitari, argiaren erreinuan bere herri santuarentzat prestaturik dituan ondasunetan parte izateko gai egin zaituenari. Berak atara gaitu ilunpearen menpetik eta bere Seme maitearen erreinura aldatu; honengan dogu askapena, honengan pekatuen parkamena.

Jaunak esana.

R/ Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak.

V/.

Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak,

bere salbazino-egintza agertu nazinoen aurrean.

Ez da ahaztu bere maitasunaz,

Israel herriari deutson leialtasunaz. R/.

V/.

Munduko bazter guztiek ikusi dabe

gure Jainkoaren garaipena.

Egin irrintzi Jaunari, lur osoa,

egin poz-oihu eta kantu, jo soinua. R/.

V/.

Ospatu Jauna zitaraz,

zitaraz eta kantu-hotsez,

turutaz eta adar-hotsez;

egin irrintzi errege dan Jaunari. R/.

Danak itzi eta jarraitu egin eutsoen.

Aldi haretan, jentea gainera etorkon Jesusi, Jainkoaren berbea entzuteko; Jesus Genesaret aintzira-ertzean egoan. Txalupa bi ikusi ebazan ur-bazterrean geldi; arrantzaleek, ontzietatik jatsita, sareak garbitzen ziharduen. Igon eban txalupa hareetako batera, Simonenera, eta lehorretik apur bat aldentzeko eskatu eutsan. Gero, jesarri eta txalupatik jenteari irakasten jardun eban.

Berbaldia amaitu ebanean, esan eutsan Simoni: «Jo ur handietara eta bota sareak arrantzurako». Simonek erantzun eutsan: «Maisu, gau guztian eginahalak egin eta ez dogu ezer harrapatu; holan ere, Zuk dinozun ezkero, botako ditut sareak». Holan egin eben eta, hainbesteko arrain-pila harrapau eben, sareak lehertzeko zorian egozan-eta. Beste txalupako lagunei keinu egin eutseen laguntzera etorteko; etorri ziran, eta txalupa biak bete ebezan, ia-ia hondoratzeraino.

Jazotakoa ikusirik, Simon Pedro Jesusen oinetara jausi zan, esanez: «Alde nigandik, Jauna, pekataria naz-eta». Izan ere, zur eta lur egozan Simon eta beragaz ziran guztiak, eginiko arrantzuagaitik, eta gauza bera jazoten jaken Simonen arrantzu-lagun ziran Zebedeoren seme Santiago eta Joani ere. Baina Jesusek esan eutsan Simoni: «Ez bildurtu, hemendik aurrera giza arrantzale izango zara».

Hareek txalupak lehorrera atara ebezan eta, dana itzirik, jarraitu egin eutsoen.