Zuokana heldu da barri ona, eta lur osora.
Paulok, Jainkoak holan nahirik, Kristo Jesusen apostolu nazan honek, eta Timoteo anaiak, Kolosan bizi zareen kristau fededun eta senide leialoi: grazia eta bakea zuei Jainko gure Aitagandik.
Zuen alde otoitz egitean eskerrak emoten deutsaguz eten barik Jainkoari, Jesu Kristo gure Jaunaren Aitari, jakin dogu-eta zelan sinesten dozuen Kristo Jesusegan eta zelan maite dozuezan fededun guztiak. Zeruan Jainkoak zuentzat prestatuta daukon sariaren itxaropenak eragiten deutsue horretara, Barriona, egiaren mezua, zuokana heldu zanean ezagutu zenduen itxaropenak, hain zuzen ere. Barrionaren mezua, Jainkoaren onginahiaren barri izan eta egiaz ezagutu zenduen egunetik bertatik dihardu zuen artean hazten eta frutu emoten, mundu osoan diharduan lez. Epafras gure lankide maiteak eta zuentzat Kristoren zerbitzari leial danak irakatsi eutsuen holan. Harek jakinazo deusku zelako maitasuna sortzen dauan zuekan Espirituak.
R/ Zugan uste onez beterik nago, Jauna, gizaldien gizaldietan.
Ni, barriz, Jainkoaren etxean olibondo hezearen antzeko,
Jainkoaren maitasunean dot konfiantzea betiko. R/.
Beti goratuko zaitut egin dozunagaitik,
zure izenean dot itxarongo,
fededunentzat hain ona zaralako. R/.
Beste herriei ere iragarri behar deutset Jainkoaren erreinua, horretarako bialdua naz- eta.
Aldi haretan, Jesus sinagogatik urten eta Simonen etxean sartu zan. Simonen amaginarreba sukar handiaz egoan, eta haren alde zeredozer egiteko eskatu eutsoen.
Orduan, haregana makurturik, zorrotz agindu eutsan sukarrari, eta sukarrak alde egin eutsan. Bat-batean jagi eta zerbitzen hasi jaken amaginarrebea.
Eguzkia sartu zanean, gaixoak ebezan guztiek, edozein zala ere hareen gaitza, Jesusi eroaten eutsoezan, eta Harek, bakotxari eskuak ezarriz, osatu egiten ebazan.
Askogandik deabruek ere urteten eben, deadarka esanez: «Zu Jainkoaren Semea zara!» Jesusek zorrotz galazoten eutsen berba egitea, baekien-eta Mesias zala.
Eguna argitu orduko, urten eta bazter bakarti batera joan zan. Jentea haren bila ebilen eta, aurkiturik, eutsi egin nahi eutsoen, alde egin ez egian. Baina Jesusek esan eutsen: «Beste herriei ere adierazo behar deutset Jainkoaren erreinuaren Barriona, horretarako bialdu nau-eta Jainkoak».
Eta Judeako sinagogetan ibili zan Barriona iragarten.
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Lukas →