Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXII. Asteko Asteartea

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
🔍 Bilatu

Gugaitik hil da, gu Beragaz bat eginik bizi gaitezan.

Senideok: Noiz eta zelan izango dan ez dozue nik idatzi beharrik; zeuek dakizue nahiko ondo Jaunaren eguna lapurra gauean lez etorriko dala.

«Bakea eta nasaitasuna» esaten dabenean, orduan uste barik etorriko jake hondamendia gainera, umedun dagoanari erdiminak lez, eta ez dabe ihes egiterik izango. Zuek, ostera, senideok, ez zaree ilunpetan bizi, egun horrek lapurrak lez harrapatzeko zorian; guztiok argiaren eta egunaren seme-alaba zaree. Ez gara gauarenak, ez ilunarenak. Beraz, ez dagigun lorik egin besteek lez; gagozan erne, eta izan gaitezan neurritsu.

Izan ere, Jainkoak ez dau guk bere hasarre-zigorra jasatea gura, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez salbamena jaristea baino. Jesu Kristo gugaitik hil zan, gu, nahiz iratzarrik nahiz lo, Beragaz bat eginik bizi gaitezan. Holan, bada, emon adorea alkarri eta lagundu batak besteari, egiten dozuen lez.

R/ Jaunaren ontasuna ikusi ustean nago

bizidunen lurrean.

V. Jauna dot argi eta salbazino,

nork ni bildurtu?

Jauna biziaren babes,

nork ni izutu? R/.

V. Gauza bat eskatzen deutsat Jaunari,

horren bila nabil ni:

bizi nadila Jaunaren etxean

neure bizitzako egun guztietan,

Jaunaren edertasuna miretsiz

eta haren tenplua zainduz. R/.

V. Ziur dakit Jaunaren ontasuna gozatuko dodala

bizidunen lurrean.

Itxaron Jaunagan!

Eutsi gogor, izan bihotz!

Itxaron Jaunagan! R/.

Badakit nor zaran: Jainkoaren Santua.

Aldi haretan, Jesus Galileako Kafarnaum urira jatsi zan, eta zapatuetan jenteari irakasten eutsan. Harriturik egoan jentea haren irakaspenaz, nagusitasunez berba egiten eban-eta.

Bazan sinagogan espiritu gaiztoaren menpe egoan gizon bat, eta oihu bizian esan eban: «Zer dok gugaz, Jesus, nazaretarra? Gu hondatzera al hator? Bajakiat nor haizen: Jainkoaren Santua».

Jesusek gogor eraso eutsan: «Isildu hadi eta urten gizon horregandik!» Deabruak jendartean lurrera bota eban gizona, baina batere kalterik egin barik urten eban haregandik.

Ikaraturik gelditu ziran danak, alkarri itaunka: «Zer da hau? Nagusitasunez eta indarrez agintzen deutse espiritu gaiztoei, eta honeek urten egiten dabe».

Jesusen entzutea herrialde haretako bazter guztietara zabaldu zan.