Jesusegan hil diranak Jainkoak Haregaz batean Bereganatuko ditu.
Senideok: Ez dogu nahi hildakoen zoriari buruz zuek ezjakinean egoterik, atsekabetu ez zaitezen, itxaropenik ez dabenen antzera. Jesus hil eta biztu zala benetan sinesten badogu, Jesusegaz bat eginik hil diranak ere Jainkoak beragaz hartuko ditu.
Hau dinotsuegu Jaunaren berban oinarrituta: guk, Jauna etortean bizirik egongo garenok, ez deutsegu hil diranei aurrea hartuko. Izan ere, goiaingeruaren oihuz eta Jainkoaren turuta-hotsez seinalea emonik, Jauna bera jatsiko da-eta zerutik, eta lehenengo, Kristogaz bat eginik hildakoak biztuko dira; gero gu, artean bizirik izango garenok, hareekin batean eroango gaituee hodeietan, airean, Jaunagaz topo egitera. Eta holan, beti Jaunagaz egongo gara. Adoretu egizue, beraz, alkar berba honeekin.
R/ Badator Jauna lurra epaitzera.
V/.
Kanta Jaunari kantu barria,
kanta Jaunari, lur osoa,
zabaldu haren ospea nazinoetan,
haren mirariak herri guztietan. R/.
V/.
Handia da-eta Jauna, guztiz goresgarria,
jainko guztien aldean bildurgarria.
Ez dira ezer atzerritarren jainko guztiak;
Jaunak, ostera, zeruak egin ditu. R/.
V/.
Poztu bedi zerua, alaitu lurra,
egin begi orroe itsasoak eta bertako guztiak,
egin jai landa zabalak eta bertan dan guztiak,
egin poz-oihu, basoko zuhaitz guztiok. R/.
V/.
Jaunaren aurrean, badator-eta,
badator lurra epaitzera.
Justiziaz epaituko dau mundua
eta leialtasunez herriak. R/.
Behartsuei barri ona emotera bialdu nau Jaunak. Ez da profetarik bere herrian ondo ikusia danik.
Aldi haretan, Jesus Nazaretera joan zan, Bera hazi zan herrira, eta zapatuan sinagogan sartu zan, ohi ebanez, eta zutunik jarri irakurgaia egiteko. Isaias profetearen liburua emon eutsoen eta, edegitean, pasarte hau aurkitu eban:
«Jaunaren Espiritua nire gainean dago,
Berak igurtzi nau-eta,
behartsuei barriona emoteko.
Katiguei askatasuna
eta itsuei ikusmena iragartera bialdu nau,
zapalduei askatasuna emotera,
Jaunaren grazia-urtea iragartera».
Liburua batu ondoren, laguntzaileari emon eta jesarri egin zan. Danak sinagogan begira-begira eukazan.
Bera honan hasi jaken: «Gaur bete da, orain entzun dozuen Liburu Santuko berba hau». Guztiek Jesusen alde berba egiten eben eta harriturik egozan Jainkoaren onginahiaz esaten ebazanakaitik. Baina honan inoen: «Ez al da, bada, Hau Joseren semea?»
Orduan, Jesusek esan eutsen: «Harako esaera ha gogoratuazoko deustazue, ziur: "Osagile, osatu zeure burua", eta esango: "Egizuz hemen ere, zeure herrian, Kafarnaumen egin ei dozuzan gauzak"».
Eta gehitu eban: «Hara Nik egia esan: Ez da profetarik bere herrian onartua danik. Benetan esaten deutsuet: Bazan emakume alargunik asko Israelen Eliasen sasoian, hiru urte eta sei hilabetez euria egin barik egonik, lurralde guztian gosete gorria izan zanean; holan ere, Jainkoak ez eutsan hareetako inori bialdu Elias, Sidon herrialdeko Sareptako alargunari baino. Eta bazan legenardunik asko Israelen Eliseo profetearen sasoian; holan ere, ez zan hareetako inor osatu, Siriako Naaman baino».
Honeek entzutean, sinagogan egozan guztiak amorruz bete ziran. Eta jagirik, Jesus herritik kanpora atara eta herria eregita egoan mendiko amildegira eroan eben, handik behera botateko asmotan. Baina Jesus hareen erditik igaro eta bere bidetik joan zan.
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Lukas →