Hau gura dau Jainkoak zuekandik: bizitza santua.
Senideok: Hau eskatzen deutsuegu, arren, Jesus Jaunaren izenean: Jainkoari atsegin emoteko zelan bizi gugandik ikasi zenduen ezkero, ahalegindu zaitezela gero eta gehiago holan bizitzen. Badakizue zelako irakaspenak emon geuntsuezan Jesus Jaunaren izenean.
Hau gura dau Jainkoak zuekandik: bizi zaitezela Berarentzat, sagaratuei jagokenez, eta alde egin dagizuela lizunkeriatik. Jokatu dagiala bakotxak zentzun santuz eta errespetuz bere emazteagaz, bere burua grinen menpeko egin barik, Jainkoa ezagutzen ez daben jentilek lez; inork ez dagiala gai honetan bere senidea iraindu edo engainatu, Jauna bera da-eta guzti horretzaz mendekatzen dana, lehen ere behin eta barriro zinez esan geuntsuen lez. Jainkoak ez deusku moralbakokerian biziteko deitu, Berarentzat sagaratu lez biziteko baino. Beraz, irakatsi honeek gitxiesten dituanak ez dau gizakia gitxiesten, bere Espiritu Santua emon deutsuen Jainkoa baino.
R/ Poztu zaiteze, zintzook, Jaunagan.
Errege da Jauna! Alaitu bedi lurra,
poztu bediz uharte ugariak!
Justizia eta zuzenbidea tronuaren oinarri. R/.
Mendiak argizaria lez urtzen dira Jaunaren aurrean,
lur osoaren Jabearen aurrean.
Zeruek haren salbamen-ekintza iragarten dabe,
herri guztiek haren ospea ikusten. R/.
Maite ditu Jaunak gaitzari gorroto deutsoenak,
zaintzen dau bere fededunen bizia,
libratuko ditu gaiztoen eskutik. R/.
Argia sortzen da zintzoarentzat,
poza bihotz zuzenekoentzat.
Poztu zaiteze Jaunagaz, zintzook,
Goratu egizue, haren santutasuna gogoratuz. R/.
Mutil, zuri dinotsut: jagi zaitez.
Aldi haretan, Nain izeneko herrira joan zan Jesus, bere ikasleak eta jente asko lagun zituala. Herriko sarrerara hurreratu zanean, hildako bat, ama alargun baten seme bakarra, eroien lur emotera. Herriko jente asko joian amagaz.
Hau ikustean, errukitu egin jakon Jauna eta esan eutsan: «Ez egin negarrik!» Hurreraturik, hilkutxa ikutu eban, eta eroienak gelditu egin ziran. Orduan, esan eban: «Gazte, zuri dinotsut: Jagi!» Jagi zan hildakoa eta berbetan hasi, eta Jesusek amari emon eutsan.
Bildurrak hartu ebazan danak eta Jainkoa goresten eben, esanez: «Profeta handia sortu da gure artean». Eta hau ere bainoen : «Jainkoa bere herria salbatzera etorri da». Judea eta inguruko lurralde guztian zabaldu zan jazoera honen barri.
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Mateo →