Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXI. Asteko Osteguna

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
★ Teresa de Jesus Jornet eta Ibars birjina (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Jaunak gehitu eta ugaritu dagiala, zuek alkarrentzat eta danontzat dozuen maitasuna.

Senideok: Gure atsekabe eta estualdi guztien artean, adorez beterik itzi gozuez, zeuen sinesmenagaitik. Orain bai bizi garala barriro, zuek Jaunagaz bat eginik irauten dozuela ikusirik. Zelan emon guk Jainkoari behar hainbat esker? Hainbestekoa da-eta zuekaitik geure Jainkoaren aurrean dogun poza! Gau eta egun ahalegin guztian Jainkoari erreguka dihardugu, zuek aurrez aurre ikusi eta zuen fedeak oraindino dituan hutsuneak bete ahal izatea eskatuz.

Jainko gure Aitak berak eta Jesus gure Jaunak bideratu dagizala gure pausoak zuokana. Jaunak gero eta handiago egin dagiala zuek alkarrentzat eta danentzat dozuen maitasuna, handia dan lez guk zuentzat dogun maitasuna. Sendotu zagiezala barrutik, Jesus gure Jauna bere santuekin etortean, santu eta akats bako aurkeztu zaitezen, gure Aita Jainkoaren aurrean.

R/ Zure maitasunez ase gagizuz, Jauna, poztu gaitezan Zugan.

Gizakia hautsera bihurtuazoten dozu,

esanez: «Bihurtu lehenera, gizakiok».

Bai, mila urte zure begietan

atzo igaro zan eguna adina,

gaualdi bat adina. R/.

Irakatsi egiguzu geure egunen kontua eroaten,

zuhurtasunaren muinaz jabetu gaitezan.

Bihurtu zakiguz, Jauna! Noiz arte?

Errukitu zaitez zeure zerbitzariez. R/.

Asetu gagizuz goizero zeure maitasunaz,

poztu gaitezan eta zoriontsu izan geure egun guztietan.

Betor gugana Jaunaren, gure Jainkoaren, gozotasuna

eta sendotu begi Harek gure eskuen lana;

sendotu dagiala, bai, gure lana. R/.

Zuek prest egon zaiteze

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Zagoze erne, ez dakizue-eta zein egunetan etorriko dan zuen Jauna. Hartu hau gogoan: etxeko nagusiak baleki gaueko zein ordutan etorriko dan lapurra, erne egongo litzateke eta ez leuke bere etxea zulatzen itziko. Egon, bada, prest zuek ere, gitxien uste dozuen orduan etorriko jatzue-eta Gizonaren Semea.

Izan zaiteze morroi leial eta zentzunduna lakoak, nagusiak etxeko morroiei bere orduan janaria banatzeko eginkizuna emon deutsana lakoak. Zorionekoa morroi hori, nagusiak, heltzerakoan, agindua egiten aurkitzen badau! Benetan dinotsuet: bere ondasun guztien buru ipiniko dau.

Baina morroi gaizto ha, nagusiak luzatu egingo daualakoan, bere morroi-lagunak joten eta mozkorragaz jan-edanean hasten bada, gitxien itxaroten dauan egunean eta gitxien uste dauan orduan etorriko jako nagusia, eta zorrotz zigortuko dau eta itxurazaleek merezi daben zoria emongo. Han izango da negarra eta agin-karraskadea!»