Bihurtu zan Noemi, eta haregaz batera Rut moabtarra; eta Belenera heldu ziran.
Epaileen sasoian, gosetea izan zan Israelen, eta Judako Belemeko gizon bat Moab lurraldera joan zan bizi izatera bere emazte Noemi eta seme bigaz.
Elimelek, Noemiren senarra, hil egin zan eta emaztea seme bigaz bakarrik gelditu zan. Honeek emakume moabtarrak hartu ebezan emazte: batak Orpa eban izena eta besteak Rut. Hamarren bat urtez han bizi ondoren, hil egin ziran seme biak ere, eta Noemi, ez senar eta ez seme, bakarrik gelditu zan.
Jakin eban Noemik Jaunak bere herriari aldeko agertu eta janaria emon eutsala, eta errain biekin Moabeko lurraldetik bere herrialdera bihurtzea erabagi eban.
Abiatu ondoren, Orpa amaginarreba besarkaturik bere herrira bihurtu zan; Rut, barriz, amaginarrebagaz gelditu zan. Noemik esan eutsan: «Hara, zure koinatea bere herrira eta bere jainkoagana bihurtu da; zoaz zu ere haregaz». Rutek erantzun eutsan: «Ez barriro eskatu zu itzi eta joateko; zu nora joan, hara joango naz ni ere; zu non bizi, hantxe biziko ni ere; zure herria izango da nire herri, eta zure Jainkoa nire Jainko».
Holan bihurtu zan Noemi Moabetik Rut bere errain moabdarragaz. Garagarra ebagiten hasteko sasoian heldu ziran Belemera.
R/ Goratu egizu Jauna, ene barrua.
V/.
Zorionekoa Jakoben Jainkoa lagun dauana,
Jauna bere Jainkoa itxaropen dauana.
Berak egin ditu zeru-lurrak eta itsasoa,
eta horreetan dagoan guztia. R/.
V/.
Betiko eusten deutso bere leialtasunari.
Zapalduen eskubideak defendatzen ditu,
gose diranei ogia emoten.
Jaunak askatzen ditu presoak. R/.
V/.
Jaunak zabaltzen ditu itsuen begiak,
Jaunak jasotzen konkortuak,
Jaunak maitatzen zintzoak,
Jaunak ditu etorkinak zaintzen. R/.
V/.
Umezurtzei eta alargunei zutunik deutse eusten,
baina gaiztoen nagusitza iraultzen.
Jauna errege da betieran,
zure Jainkoa, Sion, errege gizaldien gizaldietan! R/.
Maitatu egizu Jauna, zeure Jainkoa, eta zure lagun hurkoa zeure burua lez.
Aldi haretan, Jesusek saduzearrak berba barik itzi ebazala jakitean, alkarregaz batu ziran fariseuak, eta euren arteko lege-gizon batek azpikeriaz itaundu eutsan Jesusi: «Maisu, zein da legeko agindurik nagusiena?»
Jesusek erantzun: «Maitatu egizu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz". Hau da agindurik nagusiena eta lehena. Eta bigarrena horren parekoa da: "Maitatu lagun hurkoa zeure burua lez". Agindu bi honeetan oinarritzen dira Liburu Santu guztiak».
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Mateo →