Nire etxetik bidera lehenengo urteten deustana Jaunarentzat izango da, eta erre-opari eskeiniko dot.
Aldi haretan, Jaunaren espirituaren eraginez, Galaad eta Manasesen lurraldea igaro eta Galaadeko Mitzpara heldu zan Jefte, eta handik amondarren lurraldera jo eban. Eta promesa hau egin eutsan Jaunari: «Amondarrak eskura emoten badeustazuz, hareek garaitu eta bihurtzean ondoetorria egitera etxetik urtengo deustan lehenengoa Jaunarentzat izango da eta erre-opari eskeiniko deutsat».
Joan zan, bada, Jefte amondarren kontra burrukara, eta Jaunak eskura emon eutsazan. Aroertik Miniteraino garaitu ebazan hogei uri, eta Abel-Keramimeraino. Garaipen izugarria izan zan, eta amondarrak israeldarren menpe gelditu ziran.
Jefte Mitzpara, bere etxera, bihurtu zanean, alabeak urten eutsan ondoetorria egitera, danbolina joz eta dantzari. Jeftek ez eban beste seme-alabarik, haxe baino. Alabea ikustean, jantziak urratu eta esan eban: «Ai, ene alaba! Lur jota itzi nozu. Zeu izan behar zoritxarra dakarztana! Berbea emon deutsat Jaunari eta ezin atzera egin». Alabeak erantzun eutsan: «Aita, Jaunari berba emon badeutsazu, egizu nigaz berba emondakoa; Jaunak zeure arerio amondarrez mendekatzea emon deutsu-eta».
Gero, esan eutsan: «Egidazu mesede hau bakarrik: itzi egidazu hile bitan mendiz mendi lagunekin ibilten, ezkondu baino lehen hil behar dodalako negar egiten». Aitak erantzun: «Zoaz». Eta itzi egin eutsan joaten hile birako.
Neskea mendiz mendi ibili zan bere lagunekin, ezkondu baino lehen hil behar ebalako negarrez. Hile biak igaro ziranean, bihurtu zan aitagana, eta aitak bete egin eban berba emondako promesea.
R/ Hemen nozu, Jauna, zure nahia egin dagidan.
Zorionekoa Jaunagan fidatzen dana,
idolo eta sasijainkoakana joten ez dauana.
Zuk ez dozu sakrifizio eta eskeintzarik gura izan,
ez erre-opari eta pekatuen parkamen-oparirik eskatu;
baina belarriak edegi deustazuz.
Horregaitik dinot: «Hemen nozu». R/.
Hau dago nitaz liburuan idatzita:
egin dagidala zure nahia.
Atsegin dot, ene Jainko:
barru-muinetan daukot zure legea.
Iragarri dot batzar nagusian zure justizia,
ez ditut ezpanak itxi, ondo dakizu, Jauna. R/.
Aurkitzen dozuezan guztiei, dei egiezue ezteguetara.
Aldi haretan, Jesusek barriro parabolen bidez berba egin eutsen abadeburu eta herriko zaharrei: «Zeruetako erreinuagaz bere semearen ezteguak ospatu ebazan erregeagaz lez jazoten da. Bialdu ebazan morroiak gonbidatuei dei egitera, baina hareek ez eben etorri gura izan.
Barriro beste morroi batzuk bialdu ebazan mandatu honegaz: "Esaiezue gonbidatuei: Hara, gertu daukot bazkaria; hilak ditut zezenak eta zekor gizenduak, dana dago prest. Zatoze ezteguetara". Baina gonbidatuek ez eben jaramonik egin: bata bere lurretara joan zan, bestea bere negozioetara eta gainerakoek, morroiei heldurik, irainez bete eta hil egin ebezan.
Hasarratu zan erregea eta, bere soldaduak bialduz, hil egin ebazan hiltzaile hareek eta sua emon hareen herriari.
Gero, bere morroiei esan eutsen: "Ezteguak prest dagoz, baina gonbidatuak ez ziran gai. Zoaze, bada, bidekurutzeetara eta deitu ezteguetara aurkitu ahala guztiak". Urten eben morroiak bideetara eta aurkitutako guztiak batu ebezan, on nahiz gaizto. Eztegu-gelea bazkaltiarrez bete zan.
Erregeak, bazkaltiarrak ikustera sartu zanean, eztegu-jantziri barik egoan bat ikusi eban eta esan eutsan: "Adiskide, zelan sartu zara hemen, eztegu-jantzi barik?" Harek berbarik ez. Erregeak mahai-zerbitzariei esan eutsen, orduan: "Lotu egizue hanka eta esku, eta bota kanpora, ilunpeetara; han izango da negarra eta agin-karraska!" Izan ere gehiago dira-eta deituak, aukeratuak baino».
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Mateo →