Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XX. Asteko Larunbata

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
Pio X aita santua (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Jaunak ez zaitu ondorengo barik itzi gura izan. Hau Jeseren aita izan zan, Daviden aitaren aita.

Baeban Noemik, Elimelek bere senarraren aldetik, senide bat, aberatsa eta begirune handiko gizona, Booz izenekoa. Rut moabtarrak esan eutsan Noemiri: «Itzi egidazu solora joaten, igitariek izten dabezan garagarburuak batzera. Aurkituko al dot bere ondoren batzen itziko deustan norbait!» Noemik erantzun: «Zoaz, ene alaba».

Joan zan, beraz, Rut eta igitarien atzetik garagarburuak batzen hasi zan. Hain zuzen, Elimeleken senide Boozen soloan suertatu zan. Boozek esan eutsan Ruti: «Adizu, ene alaba, ez joan beste inongo solora garagarburuak batzera. Gelditu hemen nire mirabeekin. Begira zein arloetara doazan batzera eta jarraitu hareen atzetik. Zu bakean izteko esango deutset morroiei. Egarri zaranean, edan mutilek betetako ontzietatik».

Rutek, lurreraino ahuspeztu eta esan eutsan Boozi: «Atzerritarra naz ni; zer dala-eta arduratzen zara nitaz eta hartzen nozu hain ondo?» Harek erantzun: «Senarra hil ondoren, amaginarrebagaz zelan jokatu dozun kontatu deuste: zelan zeure aitamak eta sorterria itzi eta ezagutzen ez zenduan herrira etorri zaran».

Booz Rutegaz ezkondu zan; alkartu ziran eta Jaunak bedeinkatu egin eban Rut: umedun gelditu eta semea izan eban.

Emakumeek Noemiri esaten eutsoen: «Bedeinkatua Jauna, ondorengoa emon deutsu-eta, hildakoaren izenak Israelen iraun dagian. Ume hau zeure atsekabearen kontsolagarri eta zeure zahartzaroaren euskarri izango dozu, hain maite zaituan eta zazpi seme baino hobea dozun errainak emon deutsu-eta». Noemik umea semetzat hartu eta hazi egin eban.

Auzo-lagunek honan inoen: «Semea jaio jako Noemiri», eta Obed ezarri eutsoen izena. Obed Jeseren aita izan zan; Jese, barriz, Davidena.

R/ Honan izango da bedeinkatua Jaunari begirunea deutsona!

Zorionekoa Jaunari begirunea deutsona

eta haren bideetan dabilena!

Zeure lanaren frututik jango dozu,

zoriontsu izango zara eta ondo joango jatzu. R/.

Emaztea mahatsondo emonkorraren antzeko

zure etxe barruan;

seme-alabak orio-kimuen antzeko

zure mahai inguruan. R/.

Hara zelan izango dan bedeinkatua

Jaunari begirunea deutson gizona!

Bedeinkatu zagizala Jaunak Siondik,

gozatu zaitezala Jerusalemen zorionaz

zeure bizitzako egun guztietan. R/.

Esan, esaten dabe; baina egin ez.

Aldi haretan, Jesusek honan berba egin eutsen jentetzari eta ikasleei: «Lege-maisuak eta fariseuak Moisesen maisu-aulkian jesarrita dagoz. Egizue, beraz, eta bete hareek esandako guztia; baina ez egin egiten dabena; esan, esaten dabe-eta, baina egin ez. Zama astunak eta ezin eroanak lotzen dabez, eta besteei leporatzen; baina eurek atzamar batez ere ez dabez mugitzen. Egiten daben guztia, jenteak ikusteagaitik egiten dabe; narrutxa zabalak erabilten dabez bekokian, eta borlatxo deigarriak mantu barrenean. Afarietan lehenengo jarlekuak, eta sinagogetan aurreneko aulkiak maite dabez, plazetan jenteak agur egitea eta guztiek "maisu" deitzea.Zuetako handiena izan bedi zuen zerbitzari. Bere burua goratzen dauana beheratu egingo dau Jainkoak, eta bere burua beheratzen dauana goratu».

Zuek, ostera, ez itzi inori "maisu" deitzen, bakarra da-eta zuen maisua, eta zuek guztiok alkarren senide zaree-eta. Eta ez deitu lurrean inori "aita”, bakarra da-eta zuen Aita, zerukoa. Eta ez itzi "gidari" deitzen ere, bakarra da-eta zuen gidaria, Mesias.