Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XVIII. Asteko Asteazkena

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
Joan Maria Vianney Santua (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Ikertutako lurraldeaz txarto esaka hasi ziran israeldarren aurrean.

EGUN hareetan, Jaunak esan eutson Moisesi Parango basamortuan:

«Bialdu egizuz gizaseme batzuk israeldarrei emongo deutsedan Kanaango

lurraldea ikertzera: leinu bakotxetik bat, buruzagien artetik aukeraturik».

Berrogei egunez lurraldea ikertzen ibili ondoren, bihurtu ziran eta,

Kadexera, Parango basamortura, heldurik, Moises, Aaron eta israeldarren

alkarte osoagaz batu ziran. Guztiaren barri emon eta lurraldeko frutuak

erakutsi eutsiezan. Txosten hau azaldu eutsoen Moisesi: «Joan gara

bialdu ginduzuzan lurraldera. Benetan, esnea eta eztia darion lurraldea

da. Begira hango frutuak. Halan be, hango jentea indartsua da, eta hango

uriak gotorrak eta handiak; gainera, Anak erraldoiaren ondorengoak be

ikusi doguz; Negeveko basamortuan amalektarrak bizi dira; mendialdean

hititak, jebusearrak eta amortarrak; itsasaldean eta Jordango ibarrean,

barriz, kanaandarrak».

Moisesen kontra jenteak ziharduan zurrumurrua isilduarazoz, esan

eban Kalebek: «Ea, igon eta egin gaitezan lurralde horren jaube, gai gara-

eta horretarako». Baina haregaz ikertzera joandakoek inoen: «Ez, ezin

deutsegu eraso, gu baino indartsuagoak dira-eta».

Eta ikertutako lurraldeaz txarto esaka hasi ziran israeldarren aurrean:

«Ikertzen ibili garan lurraldeak bertako biztanleak irunsten ditu, eta han

ikusi dogun jentea ikaragarri handia da. Erraldoiak, Anaken ondorengoak

be ikusi doguz; guk hareen ondoan matxinsaltoak emoten genduan, eta

halantxe ikusten ginduezan hareek gu». Orduan, israeldarren alkarte osoa

oihuka hasi zan eta gau osoa negarrez emon eban.

R/ Gogoratu gutaz, Jauna, zeure herriaganako onginahiagaitik.

V/.

Pekatu egin dogu gurasoen antzera,

oker jokatu dogu, errudun gara.

Gure gurasoek, Egipton zirala,

ez ebezan ulertu zure egintza harrigarriak. R/.

V/.

Laster ahaztu ziran haren egintzez

eta ez eben itxaropenik jarri haren egitasmoan.

Jan-gose bizia sortu jaken basamortuan

eta Jainkoa tentatu eben eremuan. R/.

V/.

Ahaztu egin ziran Jainkoaz, euren salbatzaileaz,

Egipton gauza ikusgarriak egin ebazanaz,

Kam-en lurraldean egintza harrigarriak

eta Itsaso Gorrian ikaragarriak egin ebazanaz. R/.

V/.

Prest egoan Jainkoa hareek hondatzeko,

Moises bere aukeratuagaitik izan ez balitz;

tartean sartu eta Jainkoaren aurrean jarri zan,

haren hasarre hondatzailea baretzeko. R/.

Jentetza ikustean, erruki izan eban.

ALDI haretan, herriz herri eta auzorik auzo ebilen Jesus, hango sinagogetan irakasten, erreinuaren gaineko Barri Ona iragarten eta gatx eta gaixotasun guztiak osatzen. Jentetza ikustean, erruki izan eban, ze nekatuta eta lur jota egoan ha jentea, artzainik bako ardiak lez. Orduan, ikasleei esan eutsen: «Uzta ugaria da, baina langileak gitxi. Erregutu, bada, uzta-jabeari, bialdu dagizan beharginak bere uztara».

Jesusek, hamabi ikasleei dei eginik, ahalmena emon eutsen espiritu txarrak botatzeko eta gatx eta gaixotasun guztiak osatzeko.

Jaunak esana.