Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XVIII. Asteko Osteguna

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
Andre Maria Handiaren Basilikaren Sagaratzea (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Edegi egiezu zure gordailua, ur biziaren iturria.

Urteko lehenengo hilean, israeldarren alkarte osoa Tzin basamortura heldu eta Kadexen gelditu zan aldi baterako. Han hil zan Miriam eta bertan emon eutsoen lurra.

Ez zan han herriarentzat urik, eta Moisesen eta Aaronen aurka jagi ziran. Herriak aurpegi emon eutsan Moisesi, esanez: «Ai gu ere, Jaunak hilazo ebazan senideekin batera hil bagina! Zergaitik ekarri dozue Jaunaren alkartea basamortu honetara? Geu eta gure abereak hilteko? Zergaitik igonazo ginduzuezan Egiptotik eta bazter negargarri honetara ekarri? Hemen ezin da ezer erein, ez dago pikondorik, ez mahastirik, ez granadaondorik, ezta edateko urik ere.»

Batzarra itzirik, Moises eta Aaron alkarketa-txabolearen sarrerara joan eta lurreraino ahuspeztu ziran. Jaunaren aintza agertu zan, eta esan eutsan Jaunak Moisesi: «Hartu makilea eta, zeure anaia Aaron lagun dozula, batu israeldarren alkartea; gero, agindu harkaitzari guztien aurrean eta honek ura emongo dau. Harkaitzetik ura atarako dozu, eta jenteari eta abereei emongo deutsezu edaten».

Jaunak agindu eutsan lez, hartu eban Moisesek alkarketa-txabolan Jaunaren aurrean egoan makilea; gero, alkartea batu eben Moisesek eta Aaronek harkaitzaren aurrean, eta Moisesek esan eutsen: «Entzun, errebeldeok: harkaitz honetatik ura sortuazoteko gauza ete gara?» Moisesek eskua jaso eta birritan jo eban makilaz harkaitza. Ur-mordoak urten eban, eta jenteak eta abereek edan eben.

Jaunak, ostera, esan eutsen Moisesi eta Aaroni: «Ez zaree Nitaz fidatu eta ez dozue nire santutasuna israeldarren aurrean autortu; horregaitik, ez dozue zuek sartuazoko herri hau Nik emongo deutsadan lurraldean». Jazoera hau dala-eta, iturri harek "Meribako Urak" dau izena —hau da, Auzi Urak—, han emon eutsoen-eta israeldarrek aurpegi Jaunari, eta Honek bere santutasuna agertu eutsen.

R/ Entzungo ahal dozue gaur Jaunaren ahotsa!: «Ez gogortu zeuen bihotza».

V/.

Zatoze, egin deiogun poz-oihu Jaunari,

poz-irrintzi, salbatzen gaituan harkaitzari.

Aurkeztu gakiozan eskerrak emonez,

egin deiogun jai txaloka eta kantari. R/.

V/.

Zatoze, gurtu dagigun ahuspezturik,

belaunikatu gaitezan egin gaituan Jaunaren aurrean.

Bera da-eta gure Jainkoa,

eta gu harek larraturiko herria,

haren zainpeko artaldea. R/.

Zu «Harria» zara; eta zuri emongo deutsudaz zeruetako erreinuaren giltzak.

Aldi haretan, Jesusek, Filiporen Zesareara heldu zanean, itaun hau egin eutsen ikasleei: «Gizonaren Semea nor dala dino jenteak?»

Hareek erantzun: «Batzuek Joan Bateatzailea dala; beste batzuek Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat».

Jesusek, orduan: «Eta zuek, nor nazala dinozue?» Simon Pedrok erantzun eban: «Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea».

Orduan, Jesusek esan eutsan: «Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez deutsu-eta hazur-maminezko inork agertu, zeruko nire Aitak baino. Eta hau dinotsut Nik: Zu Pedro zara, “harkaitza”, eta harkaitz horren gainean eregiko dot Nik neure Eleizea, eta heriotzaren indarrak ez jakoz nagusituko. Zeruetako erreinuko giltzak emongo deutsudaz: zuk mundu honetan lotutakoa, zeruan ere lotuta geldituko da, eta zuk mundu honetan askatutakoa, zeruan ere askatuta».

Orduan, Bera Mesias zala inori ez esateko agindu eutsen Jesusek ikasleei.

Une haretatik hasi zan Jesus bere ikasleei azaltzen Jerusalemera igon eta asko sufridu behar ebala abadeburu eta lege-maisuen aldetik; hil egingo ebela eta hiru egunen buruan biztu egingo zala. Orduan, Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi jakon: «Ezelan ere ez, Jauna! Ez jatzu holakorik jazoko!»

Baina Jesusek, bihurturik, esan eutsan Pedrori: «Alde nire ondotik, Satanas! Oztopoa zara Niretzat, zure asmoak ez dira-eta Jainkoarenak, gizakiarenak baino».