Moises ez da beste profetak lakoa: zelan ausartu zaree beraren kontra txarto esaten?
Egun hareetan, Miriam eta Aaronek txarto-esaka jardun eben emakume etiopiar bategaz ezkonduta egoan Moisesen aurka. Hau inoen: «Moisesegaz bakarrik berba egin ete dau Jaunak? Ez ete deusku, bada, geuri ere berba egin?» Eta Jaunak entzun eban kexua. Moises oso gizon apala zan, munduko gizonik apalena. Bat-batean honan berba egin eutsen Jaunak Moisesi, Aaroni eta Miriami: «Zoaze hirurok alkarketa-txabolara.»
Joan ziranean, Jauna jaitsi zan lainozko habean eta txabolako sarreran kokatu. Eta Aaroni eta Miriami dei egin eutsen. Hurreratu ziran biak, eta Jaunak esan eutsen: «Entzun esan behar deutsuedana:
Zuen artean Jaunaren profetarik baldin bada,
ikuskaritan agertzen najako
eta amesetan berba egiten.
Ez, ostera, neure zerbitzari Moisesi:
konfiantza osoko gizona dot neure etxean;
ahotik ahora berba egiten deutsat,
aurrez aurre, eta ez berba erdika.
Harek Jaunaren irudia ikusten dau.
Zelan ausartu zaree, bada, Moises nire zerbitzariaren kontra txarto esaten?»
Biziro hasarratu zan Jauna hareen aurka eta alde egin eban. Eta lainoa txabolearen gainetik aldentzean, Miriam legenarrak jota agertu zan, edurra baizen zuri. Miriamakana bihurturik, legenarrak hartuta ikusi eban Aaronek, eta esan eutsan Moisesi: «Parkatu, Jauna! Ez egiguzu jaurti burubakokeriaz egin dogun pekatua. Ez bedi izan Miriam amaren sabeletik urten orduko haragia erdi-janik dauan hilaurraren pareko». Moisesek oihu egin eutsan Jaunari: «Arren, Jauna, osatu egizu!»
R/ Erruki, Jauna, pekatu egin dogu-eta.
V/.
Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
hondatu nire hobena zeure neurribako errukiaz.
Garbitu nagizu zeharo neure errutik,
garbitu neure pekatutik. R/.
V/.
Autortzen dot, bai, neure hobena,
begi aurrean dot eten barik neure pekatua.
Zure aurka, zure aurka bakarrik, egin dot pekatu,
zure begietan oker dana egin dot. R/.
V/.
Horregaitik, arrazoi izango dozu salatzean,
errubako izango zara epaia emotean.
Hara, errudun jaio nintzan,
pekatari ninduan amak sortu. R/.
V/.
Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,
barritu arnasa sendoa nire barruan.
Ez nagizu bota zeure aurretik,
ez kendu niri zeure arnasa santua. R/.
Nire Aitak landatu ez dauan landarea zuztarretik atarako dabe.
Aldi haretan, Jerusalemetik etorritako lege-maisu eta fariseu batzuk hurreratu jakozan Jesusi eta itaundu eutsoen: «Zergaitik hausten dabe zure ikasleek zaharren ohiturea? Ez dabe eskuen garbikuntza egiten jan aurretik».
Jenteari dei egin eta esan eutsan Jesusek: «Entzun eta ulertu ondo: Gizakia ez dau ahotik sartzen jakonak kutsatzen; ahotik urteten jakonak, horrek kutsatzen dau gizakia».
Hurreratu jakozan orduan ikasleak eta esan eutsoen: «Ba al dakizu berba horreekin fariseuak suminduta itzi dozuzala?» Jesusek erantzun eutsen: «Zeruko nire Aitak landatu ez dauan landarea zuztarretik atarako dabe. Itziezue! Itsuak dira, eta itsu-gidariak. Eta itsuaren gidaria itsua bada, biak zulora jausiko dira».
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Mateo →