Nik bakarrik ezin dot eroan herri guzti honen zama.
Egun hareetan, honan esan eben israeldarrek: «Nork emongo deusku haragia jateko? Gogoan dogu Egipton dohainik jaten genduan arraina, baita hango pepino, meloi, porru, kipula eta berakatzak ere? Orain, barriz, makaltzen dihardugu; "mana" baino ikusten ez dogula».
Iturri-bedarraren haziaren antzekoa zan mana, erretxina-kolorekoa. Banatu egin ohi zan herria mana batzeko, eta, errotan eho edo motroiloan xehetu ondoren, lapikoan egosi eta orio-ogiaren gustuko opilak egiten ebezan. Gauez, kanpalekuan iruntza egitean, gainean agertu ohi zan mana ere.
Jakin eban Moisesek herriak, senitarteka baturik, nor bere txabola atean negarrez ziharduala. Jauna biziro hasarratu zan; Moises ere mindurik egoan, eta Jaunari esan eutsan:
«Zergaitik hartzen dozu txarto zeure zerbitzari hau? Zergaitik kentzen deustazu zeure konfiantzea eta botaten deustazu gainera herri oso honen zama? Nik sortu ete dot, bada, herri hau? Nik ekarri ete dot mundura, Zuk niri esateko: "Hartu egizu lepoan, inudeak umetxoa lez, eta eroan asabei berba emondako lurraldera"? Nondik atarako dot nik haragia, herri guzti honi jaten emoteko? Haragi eske hasi jataz-eta negarrez. Nik bakarrik ezin dot herri guzti hau eroan: zama astunegia da niretzat. Holan erabili behar banozu, hil nagizu, arren, begiko banozu behintzat, eta ez dot neure zorigaitza gehiago jasan beharko».
R/ Egin pozez ohiu laguntzaile dogun Jainkoari.
Baina nire herriak ez eustan jaramonik egin,
Israelek ez eustan obeditu.
Orduan zapuztu egin nituan euren burugogorkeriagaitik:
bizi daitezala euren gogara! R/.
Ai neure herriak entzungo baleust!
Ai Israel nire bidetik balebil!
Bat-batean beheratuko neukez haren arerioak,
eskua luzatuko neuke haren zapaltzaileen aurka. R/.
Menpean izango leukez Jaunari gorroto deutsoenak:
horra hareen zoria betiko!
Garirik onenaz janarituko neuke neure herria,
eztirik gozoenaz aseko. R/.
Jan eben danek, asetu ziran arte.
Aldi haretan, Joan Bateatzailearen heriotzearen barri jakitean, Jesus bazter batera joan zan bera bakarrik txalupaz. Baina ohartu zan jentea eta oinez jarraitu eutsan herrietatik. Txalupatik urtetean, Jesusek jentetza handia ikusi eban; erruki izan ebazan eta gaixoak osatu eutsezan.
Ilunabarrean, ikasleak hurreratu eta esan eutsoen: «Leku bazterra da hau eta orduak aurrera doaz. Bialdu egizu jentea, auzoetara joan eta jatekoa erosi dagian». Jesusek esan eutsen: «Ez dabe zertan joan; emoiezue zeuek jaten». Hareek, orduan: «Ez dogu hemen bost ogi eta arrain bi besterik». Eta Jesusek: «Ekarri hona». Jenteari bedar gainean jesarteko agindu ondoren, hartu ebazan bost ogiak eta arrain biak eta, begiak zerura jasorik, bedeinkapen-otoitza egin, ogiak zatitu eta ikasleei emon eutsezan, eta ikasleek jenteari. Asetzeraino jan eben guztiek, eta gelditutako hondarrakaz hamabi otzara bete batu ebezan. Bost mila gizon inguru ziran jan ebenak, emakumeak eta umeak aparte.
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Mateo →