Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XV. Asteko Asteazkena

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
Camilo de Lelis Santua (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Jaunaren aingerua agertu jakon, sasi artetik urteten eban su-garretan.

Moisesek bere aitaginarreba Jetroren, Madiango abadearen, ardiak zaintzen ebazan. Behin, basamortuan zehar eroan ebazan eta Horebera, Jainkoaren mendira, heldu zan. Han Jaunaren aingerua agertu jakon, sasi artean biztutako sugarretan. Moisesek ikusi eban sasia, sutan egonik ere, ez zala erreten.

Moisesek esan eban: «Hurreratu naiten gauza harrigarri hori ikustera: zelan leiteke sasia ez erretea?» Begiratzera etorrela ikustean, Jaunak dei egin eutsan sasi artetik: «Moises, Moises!» Honek erantzun: «Hemen nozu!» Eta Jaunak: «Ez hurreratu; kendu oinetakoak, zagozan tokia lur santua da-eta». Eta gaineratu eban: «Ni zure asaben Jainkoa naz, Abrahamen Jainkoa, Isaaken Jainkoa eta Jakoben Jainkoa». Moisesek aurpegia estaldu eban, Jainkoari begiratzeko bildurrez.

Jaunak esan eutsan: «Niganaino heldu da israeldarren oihua eta ikusi dot zein gogor zapaltzen dabezan egiptoarrek. Zoaz, bada; faraoiagana bialtzen zaitut, ene herria, israeldarrak, Egiptotik atara dagizuzan».

Moisesek esan eutsan Jainkoari: «Nor naz ni faraoiagana joateko eta israeldarrak Egiptotik atarateko?» Jainkoak erantzun eutsan: «Ni zeugaz izango nozu, eta honetan ezagutuko dozu Nik bialtzen zaitudala: herria Egiptotik atarako dozunean, mendi honetan emongo deutsazue kultua Jainkoari».

R/ Bihozbera eta errukiorra da Jauna.

Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,

nire barru osoak haren izen santua.

Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,

ez bediz ahaztu haren mesedeak. R/.

Erru guztiak deutsuz parkatzen,

gaitz guztiak osatzen;

zure bizia hilobitik askatzen dau,

maitasunez eta errukiz koroatzen zaitu. R/.

Jaunak justizia egiten dau,

zapaldu guztien eskubideak defendatzen ditu.

Bere egitasmoak erakutsi eutsazan Moisesi,

bere egintza handiak israeldarrei. R/.

Gauza honeek jakintsuei eta burutsuei gorde, eta jente xumeari erakutsi deutsazuz.

Aldi haretan, Jesusek esan eban: «Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza honeek jakintsuei eta burutsuei gorde eta jente xumeari agertu deutsazuz-eta. Bai, Aita, holan izan dozu gogoko. Nire Aitak dana emon deust, eta ez dau inork Semea ezagutzen, Aitak baino; ezta Aita ere, Semeak baino eta Semeak agertu gura deutsanak baino».