Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XV. Asteko Asteartea

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
★ Enrique Santua (Aukerako Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Moises ezarri eutsan izena, uretatik atara ebalako, eta, gizon egin zanean, bere senideetara joan zan.

Egun hareetan, Leviren leinuko gizon bat leinu bereko emakume bategaz ezkondu zan. Umedun gelditu zan emaztea eta semea izan eban. Umea ederra zala ikusirik, gordeta euki eban hiru hilabetez. Baina, luzaroago gordeta euki ezinik, zumitzezko otzara bat hartu eta, zirrikituak galipotez eta bikez estaldurik, bertan sartu eban umea eta Nilo ibaiertzean itzi kanabera artean. Umearen arrebea urrun gelditu zan, zer jazoko begira.

Orduan, faraoiaren alabea ibaira jatsi zan bainatzera; bitartean, haren neskameak ibai ondoan ebilzan. Faraoiaren alabeak otzarea ikusi eban kanabera artean eta neskameetako bat bialdu eban haren bila. Edegi eta umea ikusi eban negarrez. Errukiturik, esan eban: «Hebrearren umea da, ziur». Orduan, umearen arrebeak esan eutsan: «Nahi al dozu hebrear inude baten bila joatea, umea hazi dagian?» «Zoaz», erantzun eutsan faraoiaren alabeak. Joan zan neskea eta umearen amari deitu eutsan. Faraoiaren alabeak esan eutsan: «Hartu egizu umea eta hazi, eta neuk ordainduko deutsut». Hartu eban, beraz, emakumeak umea eta hazi egin eban. Mutikoa handi egin zanean, faraoiaren alabeari eroan eutsan. Honek semetzat hartu eban eta Moises ezarri eutsan izena, esanez: «Uretatik atara dot».

Behin batean, dagoaneko heldua zala, bere senide hebrearrakana joan zan Moises eta lan neketsuetan aurkitu ebazan. Eta han ikusi eban egiptoar bat beraren senide hebrear bat jipoitzen. Moisesek, alde batera eta bestera begiratu eta inor ez egoala ikusirik, egiptoarra hil eta hondarpean ezkutatu eban.

Biharamunean barriro urten eban eta hebrear bi ikusi ebazan, alkar joka. Orduan, errudunari esan eutsan: «Zergaitik joten dok heure laguna?» Harek erantzun eutsan: «Nork jarri hau hi gure arteko buruzagi eta epaile? Ala hil egin behar ote nok ni ere, egiptoarra lez?» Moisesi bildurra sartu jakon, arazoa ezaguna zala pentsatuz.

Faraoia, jazotakoaren barri jakinik, Moises hil nahian ebilen; baina honek ihes egin eban faraoiagandik eta Madiango lurraldera joan zan bizitzera.

R/ Murgilduok, bilatu egizue Jainkoa, eta birbiztu bekizue bihotza.

Zingira sakonean murgiltzen dihardut,

eta ez dot oinak non tinkatu;

ur handietan nago sartuta,

eta ur-lasterrak naroa. R/.

Baina nik Zuri dagizut otoitz;

mesede-sasoia dozu, Jauna.

Erantzun, ene Jainko, zeure maitasun handiaz,

zeure salbamen leialaz. R/.

Ni, barriz, gizajo atsekabetu hau,

indarbarritu nagiala, oi Jainko, zure salbazinoak.

Jainkoaren izena kantuz dot goratuko,

esker onez handietsiko. R/.

Ikusi egizue, apalok, eta poztu,

izan bihotz, Jainkoaren bila zabilzenok.

Izan ere, entzuten deutse Jaunak behartsuei,

ez ditu gutxiesten Hari lotuak. R/.

Auzi eguna eroangarriago izango da Tiro eta Sidonentzat, zuentzat baino.

Aldi haretan, Jesus miraririk gehienak egin ebazaneko herriak gaitzesten hasi zan, bihozbarritu ez ziralako: «Ai zu, Korozain! Ai zu, Betsaida! Izan ere, Tiro eta Sidon uri jentiletan zuekan beste mirari jazo izan balitz, bihozbarrituak legokezan aspaldian, dolu-jantziz eta hautsez estalduta. Horregaitik, hau dinotsuet: auzi-egunean, Tiro eta Sidonek zigor bigunagoa izango dabe zuek baino.

Eta zu, Kafarnaum, zeruraino jagiko al zara? Lurraren barreneraino jausiko zara! Izan ere, zugan beste mirari jazo izan balitz Sodoman, gaur arte iraungo leukean. Horregaitik, hona nik dinotsuedana: auzi-egunean, Sodomak zigor bigunagoa izango dau zuk baino».