Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XV. Asteko Astelehena

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
🔍 Bilatu

Israeldarren herria gu baino ugariago eta indartsuago egiten hasi da. Beraz, jokatu dagigun zuhur beragaz.

Egun hareetan, Jose ezagutu ez eban errege barri bat izan zan Egipton,

eta esan eutson bere herriari: «Hara, israeldarren herria gu baino

ugariago eta indartsuago egiten hasi da. Beraz, jokatu dagigun zuhur

beragaz, gehiago ugaritu ez dadin; bestela, gudua sortuko balitz, gure

arerioekin alkartu eta gure aurka burrukatuko litzateke, eta ihes egingo

leuke Egiptotik».

Orduan, egiptoarrek lan-arduradunak ipini eutsiezan israeldarrei lan

neketsuetara makurtuazoteko. Holan, Pitom eta Ramses uriak eraiki ebezan,

faraoiarentzat hornigaiak batzeko uriak. Baina, israeldarrak, zenbat eta

zanpatuago, orduan eta ugariago eta zabalduago egin ziran. Israeldarrekin

gogaiturik, egiptoarrek esklabotza gogorra ezarri eutsien eta bizimodu garratza

eroanazo, lan astunetara behartuz: buztinez adreiluak egin behar ebezan eta

era guztietako solo-lanak. Lan guztiok gogorkeriaz ezarri eutsiezan.

Gero, faraoiak agindu hau emon eutson bere herri osoari: «Bota Nilo

ibaira hebrearren mutiko jaiobarri guztiak; neskatoak, barriz, itzi bizirik».

Jaunak esana.

R/ Gure laguntza Jaunaren izena.

V/.

Jauna gure alde egon ez balitz

–esan begi Israelek–,

Jauna gure alde egon ez balitz,

arerioek, gure aurka jagitzean,

bizirik iruntsiko ginduezan,

hasarre-sutan egozan-eta gure kontra. R/.

V/.

Urek iruntsiko ginduezan,

uriolak hondoratuko;

ur oldartsuek ginduezan hondoratuko.

Bedeinkatua Jauna, ez gaitu-eta egin

hareen haginen harrapakin. R/.

V/.

Txoria ehiztarien saretik lez gara libratu;

hausi da sarea, eta gu libre geratu.

Gure laguntza Jaunaren izena,

zeru-lurren egilearena. R/.

Bakea ez, ezpatea ekartera etorri naz.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen apostoluei: «Ez uste izan munduari bakea ekartera etorri nazanik; bakea ez, banaketea ekartera etorri naz. Bai, semea aitagandik banatzera etorri naz, alabea amagandik eta erraina amaginarrebagandik banatzera. Eta edonork bere etxekoak izango ditu arerio.

Aita nahiz ama Ni baino maiteago dauana ez da Niretzat gai; semea nahiz alabea Ni baino maiteago dauana ez da Niretzat gai. Bere kurutzea hartu eta jarraitzen ez deustana ez da Niretzat gai. Bere biziaren jabe izan nahian dabilanak galdu egingo dau; bere bizia Nigaitik galtzen dauanak, ostera, eskuratu egingo dau.

Zuek onartzen zaituenak Neu onartzen nau, eta Ni onartzen nauanak bialdu nauana onartzen dau.

Profeta bat profetea dalako onartzen dauanak profeteari zor jakon saria izango dau, eta pertsona zuzen bat zuzena dalako onartzen dauanak pertsona zuzenari zor jakon saria izango dau; eta txiki honeetako bati, nire ikasle dalako, baso bat ur fresko besterik ez bada ere emoten deutsana, benetan dinotsuet ez dala sari barik geldituko».

Jesus, hamabi ikasleei argibide honeek emoten amaitu ebanean, joan egin zan handik, herri hareetan irakastera eta mezua iragartera.