Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zehar XV Igandea

Urtean Zehar Igandea B zikloa I urtea
🔍 Bilatu

Zoaz, eta iragarri egiozu profeta-berbea nire herriari.

Orduan, Amatziasek esan eutsan Amosi: «Ikusle, zoaz, alde hemendik Judako lurraldera. Egin han profetearena eta irabazi zeure ogia. Baina ez jardun gehiago profetagintzan Betelen, hau errege-santutegia eta erreinuko jauretxea da-eta».

Amosek erantzun eutsan Amatziasi: «Ni ez naz ogibidez profeta, abeltzaina naz eta basapiku-batzailea. Abeltzain nenbilela hartu ninduan Jaunak eta bere herri Israeli profetizatzera bialdu.

R/ Jauna, zeure onginahia erakutsi eiguzu,

zeure salbamena emoiguzu.

V/.

Entzungo dot Jainkoak dinoana:

Jaunak bakea agintzen deutse bere herriari eta fededunei.

Hurrean dabe salbazinoa begirune deutsoenek;

bai, gure lurraldean kokatuko da Jaunaren aintza. R/.

V/.

Maitasunak eta leialtasunak alkar dabe aurkitzen,

justiziak eta bakeak alkar besarkatzen.

Leialtasuna lurretik da ernetzen,

justizia zerutik jaisten. R/.

V/.

Jaunak emongo dau euria,

eta gure lurrak ekarriko bere uzta.

Haren aurretik joango da justizia,

haren pausuei jarraituko deutse ondoizateak. R/.

Kristogan aukeratu ginduzan Jainkoak, mundua sortu baino lehen.

BEDEINKATUA izan bedi Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita,

zeruan, Kristoren bitartez,

Espirituaren era guztietako ondasunez bedeinkatu gaituana!

Kristogan aukeratu ginduzan, mundua sortu baino lehen,

santu eta errubako izan gaitezan beraren aurrean, maitasunez.

Bere onginahiak eraginda aurrez eban erabagita,

Jesu Kristoren bitartez gu seme-alabatzat hartzea,

bere Seme maiteagan eskuzabal emon deuskun dohai zoragarria

gorespen-kantu bihurtu dadin berarentzat.

Seme honen heriotzaz dogu askapena,

pekatuen parkamena,

Jainkoaren onginahi eskuzabalari esker;

oparo isuri dau bere onginahiaren dohaia,

jakituria eta ezaguera osoa guri emonez.

Bialtzen hasi zan.

Aldi haretan, Jesusek Hamabiei dei egin eta binaka bialtzen hasi zan, espiritu gaiztoak botateko ahalmena emoten eutsela.

Biderako ezer ere ez hartzeko agindu eutsen, makilea besterik: ez ogirik, ez zakutorik, ezta dirurik ere gerrikoan; oinetan sandaliak eroan egiezala; baina aldatzeko soinekorik ez.

Gero, zelan jokatu esan eutsen: «Etxe batean sartzean, gelditu bertan herri haretatik urten arte. Eta nonbait onartzen ez bazaituee eta entzun nahi ez, handik alde egitean, astindu zeuen oinetako hautsa, euren kontrako seinaletzat».

Joan ziran, bada, hareek, eta Barriona iragarri eben bihozbarritu eitezan. Deabru asko botaten eben eta gaixo asko osatzen, orioz igurtziz.