Zuen bizia salbatzeko bialdu ninduan Jainkoak Egiptora.
EGUN hareetan, Judak Joserengana hurreratu eta esan eutson: «Jauna,
itziozu zeure zerbitzari honi berba bi esaten; faraoia lez zara zu eta ez
zakidaz hasarratu. Jauna, aitarik edota beste anaiarik ba ete genduan itaundu
zeunskun zuk zeure zerbitzarioi. Baietz erantzun geuntsun, bagenduala
oraindino aita zaharra, baita zahartzaroan jaio jakon seme gaztea be. Gure
aitak oso maitea ebala, ha zalako emazte harengandik gelditzen jakon
bakarra, bestea hila ebanez. Anaia ha hona ekartzeko esan zeunskun zeure
zerbitzarioi, ikusi egin nahi zenduala-eta. Gainera, esan zeunskun, gure
anaia txikia gugaz ez baetorren, ez azaltzeko barriro zure aurrera.
Zure zerbitzari eta gure aitagana bihurtu ginanean, zuk, jaun horrek,
esandakoa adierazo geuntsan. Eta gure aitak jateko apur bat erostera barriro
bihurtzeko agindu euskun eta guk erantzun geuntsun ez geintekezala etorri,
gure anaia txikia geugaz ez bagenkarren, ha barik ezin ginala zure aurrera
agertu. Orduan, zure zerbitzari gure aitak honan berba egin euskun: “Zuek
badakizue nire emazte Rakelek seme bi emon eustazana; batak alde egin
eustan eta ez dot gehiago ikusi: piztiaren batek iruntsi ebalakoan nago.
Beste hau be nire ondotik eroan eta ezbeharren bat jazoko balitxako, ni,
agure hau, atsekabez hilko nintzateke”».
Josek, bere sentipenei gehiago eutsi ezinik, inguruan ebazan guztiei
agindu eutsen: «Urten danok hemendik!» Halan, ez zan Josegaz inor
gelditu, anaiei bere burua ezagutzera emon eutsenean. Orduan, negarrari
emon eutson errime. Entzun eutsoen egiptoarrek, eta faraoiaren jauregian
be izan eben horren barri.
Josek esan eutsen anaiei: «Jose naz ni. Bizi ete da oraindino aita?»
Baina hareek, ikararen ikaraz, ez eben erantzuten asmatzen. Orduan,
Josek: «Tira, hurreratu nigana». Hurreratu jakozan eta esan eutsen: «Bai,
Jose nozue, zeuen anaia, Egiptora ekartzeko saldu zenduena. Baina ez
izan orain atsekaberik, ez damurik, hona saldu ninduzuelako. Zuen bizia
salbatzeko bialdu ninduan Jainkoak zuen aurretik».
Jaunak esana.
R/. Ekarri gogora Jaunak egindako mirariak. Edota: Aleluia.
V/.
Gosea bialdu eban lurraldera,
janari-hornidura guztiak kendu eutsezan;
bialdua eban, ostera, aurretik gizon bat,
Jose, esklabotzat saldua.
R/.
V/.
Katez lotu eutsoezan oinak,
burdinazko samakoa gehitu,
harek iragarria bete zan arte,
holan probatu eban Jaunaren hitzak
haren errubakotasuna.
R/.
V/.
Orduan, ha askatzeko agindu eban erregeak,
libre izteko, herrien nagusiak;
eta bere jauregiko buru egin eban,
bere ondasun guztien administratzaile.
R/.
Hutsean hartu dozue, emon hutsean.
Aldi haretan, esan eutsen Jesusek apostoluei: «Bidean zoazela, iragarri hurrean dala zeruetako erreinua. Osatu egizuez gaixoak, biztu hildakoak, garbitu legenardunak, bota deabruak. Hutsean hartu dozue, emon hutsean. Ez eroan urrerik, ez zidarrik, ez dirurik gerrikoan; ez zakutorik biderako, ez soinekorik aldatzeko, ez oinetakorik, ezta makilarik ere, zor jako-eta langileari behar dauan jatekoa.
Edozein herri edota auzotan sartzen zareela, jakizue ba ete dan konfiantzako inor, eta gelditu haren etxean, herri haretatik urten arte. Etxean sartzean, egin bake-agurra; etxekoak duin badira, heldu bekie zuen bakea; duin ez badira, barriz, zuen bake barik geldituko dira.
Onartzen ez bazaituee eta zuen berbea entzun gura ez, etxe edota herri haretatik urtetean, astindu zeuen oinetako hautsa. Benetan dinotsuet: auzi-egunean Sodoma eta Gomorrak zigor bigunagoa izango dabe herri harek baino».
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Mateo →