Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XIII. Asteko Osteguna

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
🔍 Bilatu

Sinesmenean gure aita dogun Abrahamen oparia.

Egun hareetan, Jainkoak Abraham aztertu gura izan eban eta dei egin eutsan: «Abraham!» Eta Abrahamek erantzun: «Hemen nozu». Eta Jainkoak: «Hartu egizu Isaak zeure semea, hain maite dozun seme bakarra, eta zoaz Moria lurraldera, eta eskeini egidazu erre-oparitzat, Nik erakutsiko deutsudan mendi gainean».

[Jagi zan Abraham goizean goiz, txalmatu eban astoa eta, erre-oparitarako egurra txikiturik, Jainkoak esandako lekura joan zan, morroi bi eta bere seme Isaakegaz. Hirugarren egunean, begiak jasorik, lekua ikusi eban urrunera, eta esan eutsen morroiei: «Gelditu hemen astoagaz. Mutikoa eta biok haraino goaz, Jainkoa gurtzera. Ondoren, hona bihurtuko gara».

Hartu eban Abrahamek erre-oparitarako egurra eta Isaak bere semeari leporatu eutsan; berak sua eta aiztoa eroiazan. Biak batera joiazala, Isaakek esan eutsan bere aita Abrahami: «Aita!» «Zer dozu, seme?», erantzun eutsan harek. Eta semeak: «Sua eta egurra badoguz; baina non dogu oparitarako bildotsa?» Abrahamek erantzun eutsan: «Jainkoak eratuko deusku oparitarako bildotsa, seme».] Eta biak batera joiazan.

Jainkoak esandako lekura heldu ziranean, [Abrahamek altarea eregi eban eta egurra prestatu; gero, bere seme Isaak lotu eta altarean egur-pilo gainean ipini eban.] Eskua luzatuz, aiztoa hartu eban Abrahamek bere semea hilteko. Baina Jainkoaren aingeruak iragarri eutsan zerutik: «Abraham, Abraham!» Eta Abrahamek erantzun: «Hemen nozu». Aingeruak, orduan: «Ez luzatu eskua zeure semearen gainera, ez egin ezer. Ikusi dot Jainkoari begirunea deutsazula, ez deutsazu-eta zeure seme bakarra ere ukatu».

Abrahamek begiak jaso eta ahari bat ikusi eban adarretatik sastraka artean kateatuta, hartu eta erre-oparitzat eskeini eban semearen ordez. [Abrahamek leku hari «Jaunak dau hornitzen» ezarri eutsan izena, eta gaur egun ere holan dino jenteak: «Mendian Jaunak dau hornitzen».]

Barriro ere dei egin eutsan Jaunaren aingeruak zerutik Abrahami, esanez: «Hau dino Jaunak. Ala Ni Jainkoa! Holan jokatu dozulako, zeure seme bakarra ere ukatu ez deustazulako, bedeinkatuko zaitut eta zure ondorengoak zeruko izarrak eta itsasbazterreko hondarra baizen ugari egingo ditut, eta arerioen urien jabe egingo dira. Zure ondorengoen bidez lurreko herri guztiak bedeinkatuko ditut, nire esana egin dozulako».

Bihurtu zan Abraham bere morroiakana eta Beer-Xebara joan ziran alkarregaz. Abraham hantxe gelditu zan bizi izaten.

R/ Jaunaren aurrean ibiliko naz bizien lurraldean.

Maite dot Jauna,

entzun dau-eta nire erregu-oihua,

makurtu dau-eta nigana belarria,

dei egin deutsadan egunean. R/.

Herio-lokarriek inguratu ninduen,

Herio-leizeko sareak harrapau;

estu eta larri nintzan.

Baina dei egin neutsan Jaunaren izenari:

«Arren, Jauna, atera nagizu onik». R/.

Errukiorra eta zintzoa da Jauna,

gupidatsua gure Jainkoa.

Jaunak zaintzen ditu xumeak:

lur jota nengoan, eta salbau nau. R/.

Bai, libratu deust bizia heriotzatik,

begiak malkotik, oinak jaustetik.

Jaunaren aurrean ibiliko naz

bizien lurraldean. R/.

Jainkoa goratzen eben, gizakiei holako eskubidea emoten deutselako.

Aldi haretan, Jesus, txalupara igon, itsasoz bestaldera igaro, eta bere herrira etorri zan. Horretan, elbarri bat ekarri eutsoen, ohatilean etzunda. Jesusek, lagun hareen sinesmena ikusirik, esan eutsan elbarriari: «Izan bihotz, seme! Parkatuak dozuz pekatuak».

Orduan, lege-maisu batzuek hau inoen eurekautan: «Biraoka diharduk Honek».

Baina Jesusek, hareen burutapenak ezaguturik, esan eutsen: «Zergaitik dozuez burutapen gaizto horreek zeuen barruan? Zer da errazago, "parkatuak dozuz pekatuak" esatea ala "jagi eta zabilz?" esatea? Orain ikusiko dozue, bada, Gizonaren Semeak badauala mundu honetan pekatuak parkatzeko ahalmena. Eta esan eutsan elbarriari: "Jagi, hartu ohatilea eta zoaz etxera"». Ha jagi eta etxera joan zan.

Hau ikustean, izuturik gelditu zan jentea eta Jainkoa goratzen eben, gizakiei horrenbesteko ahalmena emon eutselako.