Neskamearen semeak ez dau oinordeko izan behar nire seme Isaakegaz
ABRAHAMEK ehun urte ebazan bere seme Isaak jaio jakonean. Hazi zan umea eta kendu eutsoen bularra, eta Abrahamek jatordu bikaina antolatu eban Isaaki bularra kendu eutsoen egunean.
Ohartu zan Sara, Agar egiptoarrak Abrahami emon eutson semea bere seme Isaakegaz ebilela jolasten, eta esan eutson Abrahami: «Bota egizuz etxetik neskamea eta haren semea, neskamearen semeak ez dau-eta oinordeko izan behar nire seme Isaakegaz». Biziro atsekabetu zan Abraham, Ismael be bere seme eban-eta.
Baina Jainkoak esan eutson: «Ez zaitez atsekabetu mutikoagaitik eta zeure neskameagaitik. Egiozu jaramon Sarak esaten deutsun guztiari, Isaaken bidez izango dozuz-eta ondorengoak. Baina neskamearen semeagandik be herri handia sortuazoko dot, hori be zure seme dalako».
Abrahamek, goizean goiz jagi, ogia eta zaragi bat ur hartu eta Agarri ezarri eutsozan lepoan. Halan, mutikoagaz batera, bialdu egin eban. Abiatu zan, bada, Agar, eta Beer-Xeba basamortuan noraezean ibili zan. Zaragiko ura amaitu zanean, sastraka baten azpian itzi eban mutikoa; bera, barriz, urrundurik, aurrez aurre jesarri zan, ehunen bat metrora edo. Hau inoan bere kautan: «Ez dot mutikoa hiltzen ikusi nahi». Han jesarrita egoala, mutikoa negarrez hasi zan oihuka.
Entzun eban Jainkoak mutikoaren oihua, and Jainkoaren aingeruak dei egin eutson zerutik Agarri, esanez: «Zer dozu, Agar? Ez bildurrik izan, entzun dau-eta Jainkoak hor dozun mutikoaren oihua. Ea, hartu egizu mutikoa eta ez itzi eskutik; herri handi bihurtuko dot».
Orduan, Jainkoak begiak zabaldu eutsozan Agarri, eta ur-putzu bat ikusi eban; joan zan, zaragia urez bete eta edaten emon eutson mutikoari. Jainkoa lagun izan eban mutikoak; hazi zan, basamortuan bizi eta gezilari trebe bihurtu zan.
Jaunak esana.
R/ Dohakabeak oihu egin eban, eta Jaunak entzun.
V/.
Dohakabeak dei egin eban, eta Jaunak entzun,
eta estualdi guztietatik eban salbatu.
Kanpaturik dago Jaunaren aingerua
hari begirune deutsoenen inguruan,
eta libratzen ditu. R/.
V/.
Izan Jaunari begirune zuek, hari sagaratuok,
ez jake-eta ezer falta begirune deutsoenei.
Aberatsek ezagutzen dabe beharrizana eta gosea;
Jaunagana jotzen dabenei ez jake onik falta. R/.
V/.
Zatoze, seme-alabok, eta entzun;
Jaunari begirune izaten irakatsiko deutsuet.
Nork ez dau bizia maite?
Nork ez dau luzaro bizi nahi, zoriontsu izateko? R/.
Ordua baino lehen al zatoz, guri oinazeak emotera?
Aldi haretan, Jesus beste itsasertzera, gerasatarren lurraldera, heldu zanean, deabrudun bi etorri jakozan bidera, hilobi artetik urtenda. Hain ziran-eta gaiztoak, ez zan inor ausartzen bide haretatik ibilten. Deadarka esan eutsoen: «Zer dozu gugaz, Jainkoaren Seme horrek? Sasoia baino lehen guri oinazeak emotera etorri al zara?»
Handik urrunera barik, txarri-talde handi bat ebilan musturka, eta deabruek eskatu eutsoen Jesusi: «Botatekotan, bialdu gagizuz txarri-taldera».
Jesusek esan eutsen: «Zoaze». Hareek urten eta txarrietan sartu ziran, eta txarri-talde osoa ezpondan behera itsasora amildu zan eta uretan ito.
Txarrizainek ihes egin eben eta, urira joanda, dana kontatu eben, baita deabrudunarena ere. Orduan, herri osoak urten eban Jesusegana eta, ikusi ebenean, euren lur-mugetatik alde egiteko eskatu eutsoen.
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Mateo →