Deabruaren bekaizkeriaz sartu zan heriotzea lurrean.
Jainkoak ez eban heriotzea egin,
ez dau atsegin bizidunak galtzea;
izan ere, irauteko egin ebazan Harek gauza guztiak;
munduko izakiak osasungarri dira,
ez dabe euren barruan pozoi hilgarririk,
eta Heriotzeak ez dau lurrean aginterik,
hilezkorra da-eta zuzentasuna.
Hilezkor izateko egin eban Jainkoak gizakia,
bere izatearen irudira egin eban;
baina deabruaren inbidiaz sartu zan heriotzea munduan
eta harenak diranek jasango dabe.
R/ Goratuko zaitut, Jauna, onik atara nozulako.
Goratzen zaitut, Jauna, onik atara nozulako,
arerioei nire lepotik pozten itzi ez deutsezulako.
Jauna, Heriotz-leizetik atara nozu,
zulora jaisteko zorian nengoala bizibarritu. R/.
Kanta Jaunari, haren fededunok,
goratu egizue, haren santutasuna gogoratuz.
Une baterako da haren hasarrea,
bizi guztirako haren on izatea.
Arratsean negarra da gurean,
poz-oihua goizean. R/.
Entzun, Jauna, eta erruki nitaz,
izan zakidaz laguntzaile, Jauna».
Negarra dantza bihurtu deustazu,
Jauna, ene Jainkoa, eskerrak emongo deutsudaz beti. R/.
Zuen ugaritasunak senide behartsuen urritasuna konponduko dau.
SENIDEOK: Gauza guztietan aberats zarie: sinismenean, berba egiteko gaitasunean, jakintzan, danerako arduran eta guganako maitasunean; izan zaiteze aberats eskuzabaltasunean be. Ezaguna dozue Jesu Kristo gure Jaunaren eskuzabaltasuna: aberats izanik, behartsu egin zan zuekaitik, bere behartsu izateaz zuek aberats egiteko. Arazoa ez da besteak nasai egoteko zuek larri izatea, guztien bardintasuna bilatzea baino.
R/. Aleluia. V/. Kristo Jesus gure Salbatzaileak heriotza ezereztu dau eta bizia argitu Barri Onaren bidez. R/.
Neskatila, zeuri dinotsut, jagi.
ALDI haretan, Jesus itsasoaz bestaldera bihurtu zanean, jente-talde
handia batu jakon. Horretan, itsaso ondoan egoala, sinagogako
buruzagietako bat etorri zan, Jairo eritxona; Jesus ikustean,
honen oinetan ahuspezturik, arren eta arren eskatzen eutson: «Hilzorian
dot alabatxua; zatoz haren gainean eskuak ezartzera, osatu dadin eta bizi».
Jesus harekin abiatu zan.
Jente asko joiakon atzetik, estutuz. Sinagogako buruzagiaren etxetik
etorri ziran, esanez: «Hil jatzu alaba. Zertarako emon neke gehiago
Maisuari?» Baina Jesusek, berba horreek entzunik, sinagogako buruzagiari
esan eutson: «Ez bildurrik izan; zuk sinistu egizu!»
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Markos →