Zintzoa ere galduko ete dozu gaiztoagaz batean?
Abrahamengana etorritako gizasemeak zutundu eta Sodomarantz abiatu ziran. Abrahamek lagundu egin eutsen, agurtu aurretik. Jaunak honan inoan berekautan : «Egingo dodanaren barri emon barik itzi behar ete dot Abraham? Izan ere, herri handi eta indartsu bihurtuko da eta lurreko herri guztiak haren bitartez bedeinkatuko ditut; berau aukeratu dot, bere seme-alaba eta bere etxeko guztiei Jaunaren arabera bizi izaten irakasteko, on eta zuzen dana eginez; eta holan Jaunak bete egingo dau Abrahami berbea emondako guztia».
Beraz, Jaunak esan eban: «Izugarria da Sodomaren eta Gomorraren kontrako salakuntzea, eta larriegia uri horreen pekatua. Salakuntza hori egia ala guzurra dan ikusi behar dot».
Gizasemeek handik urten eta Sodomarantz jo eben; Abraham, barriz, Jaunaren aurrean zutunik gelditu zan. Hurreraturik, esan eutsan: «Benetan, errubagea ere galdu egin behar ete dozu errudunagaz batean? Beharbada, badira berrogeita hamar errubage urian. Horreek ere galdu egin behar ete dozuz? Ez ete deutsazu parkatuko uriari berrogeita hamar errubageokaitik? Ezin zuk holakorik egin, errubagea errudunagaz batera hilazotea! Zelan jokatuko dozu, bada, bardin batagaz zein besteagaz? Zuk ez holakorik! Munduaren epaileak ez ete dau zuzenbiderik egingo?»
Jaunak erantzun eutsan: «Sodomako uri barruan berrogeita hamar errubage aurkitzen baditut, uri osoari parkatuko deutsat hareekaitik».
Eta Abrahamek barriro: «Ausardia da benetan hauts eta errauts nazan honek neure Jaunari berba egitea. Jazo daiteke berrogeita hamarrera heltzeko bost falta izatea; uri osoa hondatuko ete dozu bost horreekaitik?» «Ez erantzun eutsan Jaunak , ez dot hondatuko, urian berrogeita bost aurkitzen baditut». Oraindino ere Abrahamek: «Jazo daiteke berrogei besterik ez izatea». Jaunak erantzun: «Ba, ez dot hondatuko berrogei horreekaitik».
Orduan, Abrahamek esan eutsan: «Ez zaitez hasarratu, ene Jauna, berbetan jarraitzen badot. Jazo daiteke hogeita hamar besterik ez izatea». «Ez dot hondatuko, hogeita hamar aurkitzen baditut», erantzun eutsan Jaunak. Abrahamek barriro: «Badakit ausartegia nazala; baina jazo daiteke hogei besterik ez izatea». Jaunak erantzun: «Ez dot hondatuko hogei horreekaitik». Eta Abrahamek: «Ez hasarratu, Jauna, beste behin berba egiten badeutsut. Jazo daiteke hamar besterik ez izatea». Jaunak erantzun eutsan: «Ez dot hondatuko hamar horreekaitik».
Jaunak, Abrahamegaz berba egiten amaitu ostean, alde egin eban, eta Abraham bere txabolara bihurtu zan.
R/ Errukior da Jauna eta bihozbera.
Ene arima, goratu egizu Jauna,
nire barru osoak Haren izen deuna.
Ene arima, goratu egizu Jauna,
eta ez ahaztu Harek zuri egina. R/.
Berak parkatzen ditu zure hobenak,
osatzen zure gaitzak danak;
askatzen dau heriotzatik bizia,
emoten deutsu koroetzat grazia eta errukia. R/.
Ez da beti auzitan ibiliko,
ez da hasarretuko betiko.
Ez dihardu gugaz gure hobenen neurrira,
ez deusku ordaintzen gure erruen harira. R/.
Zerua lurretik goi dagoan ainean,
goi dago Haren maitasuna beldur deutsoenen gainean;
sortalde sartaldeak urrun dagoz alkarregandik,
hain urrun bialtzen ditu gure gaiztakeriak gugandik. R/.
Zuk jarraitu Niri.
Aldi haretan, Jesusek, bere inguruan jentetza handia ikusirik, beste itsasertzera igaroteko agindu eban. Orduan, lege-maisu bat hurreratu jakon, esanez: «Maisu, edonora jarraituko deutsut». Jesusek erantzun eutsan: «Azeriek badabez zuloak eta zeruko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ostera, ez dau burua non ezarri».
Beste batek, ikasleetakoa zanak, esan eutsan: «Jauna, itzi egidazu lehenengo nire aitari lur emotera joaten». Jesusek erantzun eutsan: «Zuk jarraitu Niri, eta itzi hildakoei euren hildakoei lur emoten».