Jaunarentzat bai ete da ezer ezinik? Etorriko najatzu barriz, eta Sarak ordurako seme bat izango dau.
Egun hareetan, Jauna agertu jakon Abrahami Mambreren artadian. Abraham oihal-txabolaren sarreran jesarrita egoan, berorik handieneko orduan. Begiak jasorik, hiru gizonezko ikusi ebazan bere aurrean zutunik. Ikusi orduko, lasterka joan jaken txabolaren sarreratik eta, ahuspez jarririk, esan eban: «Ene Jauna, gogoko banozu, ez jarraitu zeure morroiagaz gelditu barik. Ura ekarriko deutsuet, oinak garbitzeko, eta zuhaizpean hartuko dozue atsedena. Jatekoa ere ekarriko deutsuet, indarbarritu zaitezen, eta gero jarraituko deutsazue bideari; zerbaitegaitik igaro zaree zeuen morroi honen ondotik». Hareek erantzun eutsoen: «Egizu dinozuna».
Abraham lasterka sartu zan oihal-txabolara, Sara emazteagana, eta esan eutsan: «Bizkor, egizu orea urun garbiz eta prestatu egizuz opilak». Abraham bera bizi-bizi joan zan kortara eta, zekor gizen on bat aukeraturik, morroi bati emon eutsan; honek bat-batean atondu eban. Gero, hartu ebazan Abrahamek gatzatua, esnea eta atondutako zekorra, eta bisitariei eroan eutsen. Hareek jaten eben bitartean, zutunik egon zan bera hareen ondoan zuhaizpean.
Amaitzean, itaundu eutsoen: «Non da Sara, zure emaztea?» Abrahamek erantzun: «Hor, oihal-txabolan». Hareetako batek esan eutsan: «Urtebete barru ziur bihurtuko najatzu, eta ordurako zure emazte Sarak semea izango dau».
Sara entzuten egoan txabolako sarreran, berbetan ziharduanaren atze aldean. Abraham eta Sara oso zaharrak ziran, eta igarota eukan Sarak seme-alabak izateko sasoia. Horregaitik, irribarre egin eban Sarak, bere barruan pentsatuz: «Orain, agor-agorra nagoala, atsegina sentiduko al dot? Eta nire senarra zaharturik dagoala gainera?»
Baina Jaunak esan eutsan Abrahami: «Zergaitik dihardu irribarrez Sarak, umerik ezin dauala izan pentsatuz? Ba ete da ezer ezinezkorik Jaunarentzat? Sasoi honetan urtebete barru bihurtuko najatzunean, Sarak semea izango dau».
Sarak, izututa, ukatu egin eban: «Ez dot irribarrerik egin». Baina harek erantzun: «Zelan ezetz! Irribarre egin dozu».
R/ Gogoan izan dau Jaunak bere errukia.
Handiesten dau nire arimak Jauna,
pozaren pozez daukat neure barrua;
Jainkoa da-eta nire salbamena,
ikusi dau-eta mirabe honen ezereztasuna. R/.
Dohatsu deituko deuste gaurdanik gizaldi guztiak,
handiak egin deustazalako Ahalguztidunak:
Santua da Haren izena,
eta Haren errukia gizaldiz gizaldi,
bildur deutsoenakana. R/.
Ondasunez bete ditu gose ziranak,
eta esku hutsik bialdu asko eukenak.
Bere gain hartu dau Israel, bere morroia,
errukia gogoratu jakola;
gure gurasoei halan eutsen berbea emonda,
Abrahami eta ondorengoei betiko esana. R/.
Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, eta Abraham, Isaak eta Jakobegaz jarriko dira.
Aldi haretan, Jesus Kafarnaum herrian sartu zala, erromatar ehuntari bat etorri jakon, arrenka esanez: «Jauna, elbarri eta oinazetan dago nire morroia etxean». Jesusek esan eutsan: «Joan eta neuk osatuko dot».
Baina ehuntariak erantzun eutsan: «Jauna, ni ez naz inor Zu nire etxean sartzeko; baina esaizu berba bat eta osatuko da nire morroia. Nik ere -neu besteren menpean egon arren- baditut neure mende gudamutilak, eta bati "hoa" esaten deutsat eta joan egiten da, beste bati "hator" eta etorri egiten da, eta nire morroiari "egik hau" eta hau egiten dau».
Hori entzunik, harritu egin zan Jesus eta ondoren etorkozanei esan eutsen: «Egia esan, Israelen ez dot inorengan aurkitu horrenbesteko sinesmenik. Eta hau dinotsuet: Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, eta zeruetako erreinuko mahaian jarriko dira, Abraham, Isaak eta Jakobegaz; erreinuaren oinordeko ziranak, barriz, kanpoko ilunpeetara botako dabez; han izango dira negarra eta agin-karraska!»
Ondoren, ehuntariari esan eutsan: «Zoaz, eta jazo bekizu sinestu dozun lez». Eta ordu haretan bertan, osatuta gelditu zan morroia.
Gero, Jesus Pedroren etxera joan zan, eta honen amaginarreba oheratuta aurkitu eban sukarragaz. Jesusek eskua hartu eta sukarrak alde egin eutsan; orduan, emakumea jagi eta zerbitzen hasi jaken.
Arratsaldean deabrudun asko eroan eutsoen Jesusi, eta Honek deabruak bere berbaz bota eta gaixo guztiak osatu ebazan. Holan bete zan Jainkoak Isaias profetearen bidez esandakoa: «Harek gure makaltasunak hartu ebazan bere gain, eta gure gaitzak eroan».