Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XII. Asteko Asteartea

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
Paulino de Nola Santua / Joan Fisher eta Tomas Moro Santuak (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Ez bedi eztabaidarik izan gu bion artean, senideak gara-eta.

Abram oso aberatsa zan. Abere, zidar eta urre ugari eukan. Abramegaz bizi zan Lotek ere baeukazan ardiak, behiak eta oihal-txabolak. Lurralde ha ez eben nahiko, biak batera biziteko: hareen ondasunak handiegiak ziran eta ezin bizi eitekezan alkarregaz. Sasoi haretan, gainera, kanaandarrak eta ferezearrak bizi ziran lurralde haretan. Horregaitik, hasarrea sortu zan Abramen eta Loten artzainen artean. Abramek esan eutsan Loti: «Senitartekoak gara biok. Ez dogu, beraz, bion artean eztabaidarik izan behar, ezta nire eta zure artzainen artean ere. Bereiztu gaitezan, bada. Hor dozu aurrean lurralde guztia: zuk ezkerrera hartzen badozu, ni eskumara joango naz; zuk eskumara hartzen badozu, ni ezkerrera joango naz».

Lotek begiak jaso eta Jordan ibar osoa ikusi eban. Jaunak Sodoma eta Gomorra erraustu baino lehen, ibar ha uretan aberatsa zan Tzoarreraino, Jaunaren baratza edo Egipto lurraldea lez. Lotek Jordan ibar osoa aukeratu eban beretzat, eta sortalderantz jo eban. Holan bereiztu ziran alkarregandik. Abram Kanaango lurraldean jarri zan bizi izaten, eta Lot ibarreko urietan; honen oihal-txabolak Sodomaraino zabaltzen ziran. Sodomako bizilagunak txarrak ziran eta pekatari handiak Jaunaren aurrean.

Lot bereiztu ondoren, Jaunak esan eutsan Abrami: «Begira zagozan lekutik iparralde nahiz hegoaldera, sortalde nahiz sartaldera, ikusten dozun lurralde guztia zeuri eta zeure ondorengoei emongo deutsuet betiko. Zure ondorengoak lurreko hautsa baizen ugari egingo ditut: ezin konta ahalako egingo ditut, lurreko hautsa ezin konta ahalakoa dan lez. Zoaz orain lurralde hau bere luze-zabalean zeharkatzera, zeuri emongo deutsut-eta».

Oihal-txabolak batu eta Hebronen dan Mambreren artadian kokatu zan Abram, eta altarea eregi eutsan han Jaunari.

R/ Jauna, nor dagoke zure txabolan?

Akats barik eta zuzen jokatzen dauana;

bihotzean egiazale izan

eta mihinaz inor belzten ez dauana;

hurkoari kalterik egiten ez deutsana,

ezta auzokoa iraintzen ere. R/.

Jaunak baztertua gutxietsi

eta jainkozaleak ohoratzen dituana;

bere kaltetan zin eginik ere aldatzen ez dana;

dirua lukurreriaz mailegatzen ez dauana *

ezta errubakoaren kaltetan eskupekorik hartzen ere. R/.

Gogoko izan dau zuen Aitak erreinua zuei emotea.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ez bildurrik izan, ene artaldetxu hori ze, gogoko izan dau zuen Aitak erreinua zeuei emotea.

Saldu zeuen ondasunak eta emon limosna. Pilotu egizuez zeruan hondatuko ez diran ondasunak, hutsik egingo ez deutsuen altxorra; izan be, hara ez da lapurrik hurreratzen, ezta han sitsak jaten be. Ze, zuen altxorra non, zuon bihotza han».