Holan joan egin zan Abram, Jaunak esan eutsan lez.
Egun hareetan, Jaunak esan eutsan Abrami:
«Itzi zeure lurraldea,
zeure senideak eta zeure aitaren etxea
eta zoaz Nik erakutsiko deutsudan lurraldera.
Herri handi egingo zaitut
eta bedeindatuko,
izen handia emongo deutsut
eta bedeinkapen-iturri izango zara.
Bedeinkatuko ditut zu bedeinkatzen zaituenak
eta madarikatuko zu madarikatzen zaituenak.
Zure bitartez bedeinkatuko ditut
lurreko herri guztiak».
Holan, joan egin zan Abram, Jaunak agindu eutsan lez, eta Lot ere bai haregaz. Abramek hirurogeita bost urte ebazan Harandik urten ebanean. Beragaz hartu ebazan Sarai emaztea, Lot ilobea, Haranen lortutako ondasunak eta erositako esklaboak. Eta, Kanaan aldera jo eben.
Kanaanera heldu ziranean, Abramek lurraldea zeharkatu eban Sikem deritzon lekuraino, Moreko arteraino. Sasoi haretan, kanaandarrak bizi ziran lurraldean.
Jauna agertu jakon Abrami eta esan eutsan: «Lurralde hau zure ondorengoei emongo deutset». Eta altarea eregi eutsan bertan Abramek agertu jakon Jaunari.
Handik, mendi aldera jo eban, Betelen sortaldera. Han jarri eban bere oihal-txabolea, Betel sartaldera eta Ai sortaldera ebazala. Beste altara bat eregi eutsan Jaunari, eta honen izenari dei egin eutsan. Ondoren, geldialdiak eginez, Negev aldera jo eban.
R/ Zorionekoa Jauna Jainko dauan herria.
Zorionekoa, Jauna Jainko dauan nazinoa, *
Harek bere ondaretzat aukeratu dauan herria.
Jaunak zerutik begiratzen dau, *
ikusten ditu gizaki guztiak. R/.
Jauna arduratzen da begirunea deutsoenez, *
haren maitasunean itxaroten dabenez,
hareek heriotzatik libratzeko *
eta gosetean bizirik eusteko. R/.
Guk Jaunagan dogu esperantzea, *
Bera dogu laguntzaile eta babesle.
Betor gugaz, Jauna, zure maitasuna, *
Zugan jarrita dogu-eta itxaropena. R/.
Atara egizu lehenengo zeure begiko habea.
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ez gaitzetsi inor, Jainkoak ere gaitzetsi ez zagiezan. Izan ere, zuek besteak zelan epaitu, holan epaituko zaitue Jainkoak; eta zuek zein neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaitue Jainkoak.
Zelan ikusten dozu senidearen begiko lasto-izpia eta ez zara zeure begiko habeaz ohartzen? Eta zelan esan daikeozu senideari: "Itzi egidazu zeure begitik lasto-izpia ataraten", zuk zeurean habea dozula? Itxurazale hori! Atara lehenengo zeure begitik habea, eta orduan ikusiko dozu garbi, senidearen begitik lasto-izpia atarateko».