Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XII. Asteko Asteazkena

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
🔍 Bilatu

Sinestu eutsan Jaunari, eta Jaunak aintzat hartu eutsan zuzentasunerako. Jaunak alkargoa egin eban Abramegaz.

Egun hareetan, Jaunak ikuskari batean berba egin eutsan Abrami, eta esan eutsan:

«Ez izan bildurrik, Abram!

Neu nozu zeure babeslea,

eta handia izango da benetan zure saria».

Abramek, ostera, erantzun eutsan: «Ene Jainko Jauna, zer emon zeunskit, baldin eta seme barik banoa, eta nire etxearen oinordeko Eliezer damaskoarra izango bada?» Eta esan eutsan gainera: «Hara, ez deustazu ondorengorik emon, eta etxeko morroia izango dot oinordeko».

Baina Jaunak erantzun eutsan: «Ez horixe, morroia ez dozu izango oinordeko zure erraietatik sortuko dana baino».

Jaunak kanpora urtenarazo eutsan Abrameri eta esan eutsan: «Begira zerura eta kontatu egizuz izarrak, ahal badozu». Eta, gainera, esan eutsan: «Horrenbeste izango dira zure ondorengoak». Abramek sinestu egin eban Jaunagan, eta Jaunak zuzentzat hartu eban. Eta esan eutsan: «Neu naz Jauna, kaldearren Ur uritik atara zindudazana, lurralde hau zuri jabetzan emoteko».

Abramek esan eutsan: «Jainko Jauna, nondik ezagutuko dot lurraldearen jabe izango nazala?»

Jaunak erantzun eutsan: «Ekarri egidazuz hiru urteko txahal bat, hiru urteko ahuntz bat, hiru urteko ahari bat, usapal bat eta usakume bat». Ekarri ebazan Abramek guzti honeek eta erdibitu egin ebazan, eta zatiak bata bestearen aurrez aurre ipini; hegaztiak ez ebazan erdibitu. Hegazti harrapariak sarraskira etozan, eta Abramek uxatu egiten ebazan.

Eguzkia sartzean, lozorroan murgildu zan Abram, eta ikara handia sartu jakon.

Eguzkia sartu eta ilun-baltz egin zanean, laba bat ketan eta zuzi bat sutan agertu ziran abere-zatien artetik igaroz. Egun haretan Jaunak agintzari hau egin eutsan Abrami: «Zure ondorengoei emongo deutset lurralde hau, Egiptoko ibaitik hasi eta Eufrates ibai handiraino».

R/ Gogoan dauka Jaunak, betiko egin eban ituna.

Edota

Aleluia!

Eskerrak Jaunari, oihukatu Haren izena,

ezagutuazo atzerrietan Haren egintza bikainak.

Ahoz eta salterioz eresi egiozue,

Haren mirari guztiak zabaldu egizuez. R/.

Gailendu zaiteze Haren izen santuaz,

poztu bedi Jaunaren bila dabilzanen barrua.

Bilatu egizue Jauna eta Haren ahalmena,

bilatu beti Haren aurpegia. R/.

Haren morroi Abrahamen hazia zareenok,

Haren aukeratu Jakoben semeok.

Jauna dogu gure Jainko,

Haren erabagiek balio dabe lur guztirako. R/.

Gogoan dauka, betiko egin eban ituna,

Berak mila gizaldirentzat berbea emona.

Abrahamegaz egin eban alkargoa,

Isaaki emon eutsan zin berbea. R/.

Ebanjelioa · Mt 7, 15-20

Itzulpen ofizialik ez dago oraindik bizkaieraz.

Irakurri gaztelaniaz →