Adiskidearen balioak ez dau neurririk.
Aho goxoak adiskideak ugaritzen ditu,
mihin atseginak hartuemon onak gehitzen.
Izan daitezala asko agurtzen zaituenak,
baina aholkulariak milatik bat.
Adiskide bat egiten dozunean, ibili kontuz,
eta ez jarri arinegi konfiantzea beragan,
izaten da-eta berari komeni jakonean laguna danik,
eta atsekabealdian irauten ez dauanik.
Izan ohi da adiskiderik, arerio bihurtu
eta, zuen arteko auzia argitaratuz, lotsatuazoten zaituanik.
Izaten da adiskiderik, mahaikide izan
eta atsekabealdian irauten ez dauanik;
oparotasunean zabilzanean, zugaz bat da,
zure zerbitzariekaz ere atsegingarri;
baina behea jota bazagoz, aurka jarriko jatsu
eta ezkutatu egingo da zugandik.
Urrundu zaitez arerioakandik,
ibili kontuz adiskideekin.
Adiskide zintzoa, babesleku segurua;
aurkitzen dauanak altxorra aurkitzen dau.
Adiskide zintzoak ez dau preziorik,
balioa neurtezina dau.
Adiskide zintzoa osasungarri da bizitzan;
Jaunari begirunea deutsoenek aurkituko dabe.
Jaunari begirunea deutsanak ondo bideratzen dau adiskidetasuna;
zelakoa dan bera, halakoa izango da laguna.
R/ Eroan nagizu, Jauna, zeure aginduen bidezidorretik.
Bedeinkatua Zu, Jauna,
irakatsi niri Zeuk ezarriak.
Zuk ezarrietan izango dot neure atsegina,
ez ditut ahaztuko zure hitzak. R/.
Edegi egizuz nire begiak,
Ikusi dagidazan zure legearen mirariak.
Eskolatu nagizu zeure arauen bideetan,
hausnar egingo dot zure mirarietan. R/.
Argitu nagizu zeure legea bete dagidan,
bihotz-bihotzez gorde dagidan.
Eroan nagizu zeure aginduen bidezidorretik,
atsegina haretantxe jat-eta. R/.
Jainkoak bat egin dauana ez begi gizakiak banatu.
Aldi haretan, Jesus Judeako mugetan sartu eta Jordan ibaiaz
bestaldera igaro zan. Barriro jentetza handia batu jakon eta bera,
ohi ebanez, irakasten hasi jaken.
Hurreratu jakozan fariseu batzuk eta, Jesus zertan harrapatuko, itaundu
eutsoen: «Bidezko ete jako gizonari emaztea iztea?» Harek erantzun eutsen:
«Zer agindu eutsuen horren gainean Moisesek?» Eta hareek: «Moisesek
dibortzio-agiria idatzi eta emaztea izteko baimena emon euskun».
Jesukek esan eutsen: «Zeuen burugogorkeriagaitik emon eutsuen
Moisesek lege hori. Baina, munduaren hasieratik, Jainkoak gizonezko eta
andrazko egin zituan; horregaitik, gizasemeak bere aita-amak itziko ditu eta
emaztearekin alkartuko da, eta biak bat izango dira. Beraz, aurrerantzean ez
dira bi, bat baino. Holan, bada, Jainkoak bat egin dauana ez begi gizakiak
banatu».
Gero, etxean, arazo berberari buruz itaundu eutsoen ikasleek. Jesusek
esan eutsen: «Bere emaztea itzi eta beste bategaz ezkontzen danak
adulterioa egiten dau lehenengoaren kontra; eta bere senarra itzi eta beste
bategaz ezkontzen dan emazteak, adulterioa egiten dau era berean».
Jaunak esana.
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Markos →