Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Garizumako V. Asteko Osteguna

Garizuma Asteguna B zikloa
🔍 Bilatu

Herri askoren aita egiten zaitut.

Egun hareetan, Abram ahuspez jarri zan, eta Jainkoak esan eutsan: «Hona zugaz egiten dodan ituna: Herri askoren aita izango zara. Aurrerantzean ez dozu Abram izango izena, Abraham baino, herri askoren aita egiten zaitut-eta; oparo ugarituko zaitut, nazinoen sorburu egingo eta erregeek urtengo dabe zugandik.

Belaunez belaun eutsiko deutsat zugaz eta zure ondorengoekin egiten dodan itunari; betiko ituna izango da; zure eta zure ondorengoen Jainko izango naz. Zeuri eta zeure ondorengoei emongo deutsuet betiko jabegotzat Kanaango lurraldea, gaur etorkin moduan bizi zaraneko lurraldea; zure ondorengoen Jainkoa izango naz».

Jainkoak esan eutsan gainera Abrahami: «Gorde nigazko ituna zeuk eta zure ondorengoek belaunez belaun».

R/ Gogoan dauka Jaunak betiko egin eban ituna.

Bilatu egizue Jauna eta Haren ahalmena,

bilatu beti Haren aurpegia.

Ekarri gogora egin dituan mirariak,

Haren ikusgarri eta ahoko erabagiak.R/.

Haren morroi Abrahamen hazia zareenok,

Haren aukeratu Jakoben semeok.

Jauna dogu geure Jainko,

Haren erabagiak balio dabe lur guztirako.R/.

Gogoan dauka betiko egin eban ituna,

Berak mila gizaldirentzat agindua;

Abrahamegaz egin eban alkargoa,

Isaaki emon eutsan zin-hitza.R/.

Zuen aita Abraham pozik zan nire eguna ikusiko eban itxaropenez.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen juduei: «Bene-benetan dinotsuet: Nire berbea gordeten dauanak ez dau inoiz heriotzarik ikusiko».

Juduek esan eutsoen: «Orain bai dakigula deabruaren menpe zagozala. Abraham hil egin zan eta profetak ere bai; eta Zuk dinozu: "Nire berbea gordeten dauanak ez dau inoiz heriotzarik ikusiko? Gure aita Abraham baino handiagoa al zara, bada, Zu? Ha hil egin zan eta profetak ere bai; nor zaralakoan zagoz?»

Jesusek erantzun eutsen: «Nire burua Neuk ohoratuko baneu, nire ohore horrek ez leuke ezer ere balioko; baina Ni Aitak ohoratzen nau, zeuen Jainkoa ei dozuenak; zuek, ostera, ez dozue ezagutzen; Nik, bai, ezagutzen dot, eta ezagutzen ez dodala esango baneu, guzurtia izango nintzateke zuek lez; baina ezagutzen dot eta baita haren berbea gordeten ere. Zuen aita Abraham pozik zan nire eguna ikusiko eban itxaropenez; ikusi eban eta alaitasunez bete zan».

Orduan, juduek esan eutsoen: «Ez dozuz oraindino berrogeita hamar urte, eta Abraham ikusi dozula?» Jesusek erantzun eutsen: «Bene-benetan dinotsuet: Abraham sortu baino lehenagokoa naz Ni».

Orduan, harriak hartu ebezan Hari jaurtiteko; baina Jesus ezkutau egin zan eta tenplutik urten.