Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Garizumako II. Asteko Osteguna

Garizuma Asteguna B zikloa
🔍 Bilatu

Madarikatua konfiantzea gizakiagan dauana. Bedeinkatua konfiantzea Jaunagan dauana.

Honan berba egiten dau Jaunak:

«Madarikatua konfiantzea gizakiagan dauana,

giza indar hutsean oinarritzen dana

eta bihotza Jaunagandik urruntzen dauana.

Basamortuko astalarraren antzekoa da:

ez dau sasoi onik izango;

basamortu kiskalian landatua dago,

bizi ezineko lur gazitan.

Bedeinkatua konfiantzea Jaunagan dauana

bere euskarri Jauna dauana.

Ur-ertzean landatutako zuhaitzaren antzeko da:

ur bizigarrietara zabaltzen ditu zuztarrak;

ez dau sargoriaren bildurrik,

haren orriak beti hezerik;

lehor-urtean ere ha nasai,

ez deutso itziko frutua emoteari.

Ez da ezer giza bihotza baino maltzurragorik

eta sendagaitzagorik. Nork ezagutu?

Nik, Jaun honek, miatzen ditut bihotzak

eta aztertzen barrenak,

bakoitzari bere jokabidearen ordaina,

beraren egiteek merezia, emoteko».

R/ Bai dohatsu Jaunagan itxaropide dauan gizakia.

Bai dohatsu gaiztoen asmoari jarraitzen ez deutsana,

hobendunen bidean ez dabilena,

lotsabakoen batzarrean jezarten ez dana.

Bestetara, Jaunaren legean atsegin dauana,

gau eta egun Haren legea hausnartzen dauana. R/.

Ur ertzean aldaturiko zuhaitza lakoa izango da,

bere sasoian emoten dau frutua,

eta orririk ihartzen ez jako,

zeregin guztietan ondo doakio. R/.

Ez holan gaiztoak, ez holan:

haizeak daroan lastoa lakoak izango dira.

Zintzoen bidezain Jauna dago-eta;

gaiztoen bidea, barriz, hondamendirako. R/.

Zuk zorion ugari izan zenduan bizitzan; Lazarok, barriz, zorigaitzak; orain harek atsegina aurkitu dau, eta zuk oinazeak.

Aldi haretan, honan berba egin eutsen Jesusek fariseuei: «Bazan gizon aberats bat, purpura eta liho finez jantzi eta egunero jai ederrak egiten zituana. Lazaro izeneko eskale bat, barriz, aberatsaren etxe-atarian etzunda egoten zan, zauriz josita; gogotsu jango zeukean aberatsaren mahaitik jausten zana. Txakurrek eurek ere etorri eta zauriak milikatzen eutsoezan.

Honetan, hil zan eskalea, eta aingeruek Abrahamen altzora eroan eben. Hil zan aberatsa ere, eta lurperatu eben. Hilen Egoitzan oinazetan egoala, begiak jaso eta Abraham ikusi eban urrun eta Lazaro haren altzoan, eta deadarka esan eban: "Aita Abraham, erruki zakidaz! Bialdu egizu Lazaro atzamar muturra uretan busti eta niri mihina freskatzera, oinaze gorritan nago-eta sugar honetan". Baina Abrahamek erantzun eutsan: "Seme, gogoratu zaitez zuk zorion ugari izan zenduala bizitzan; Lazarok, barriz, zorigaitzak; horregaitik, orain harek atsegina aurkitu dau, eta zuk oinazeak. Gainera, gure eta zuen artean leize handia dago, eta gurata ere ezin da inor hemendik igaro, ezta hortik gugana ere".

Aberatsak barriro: "Orduan, aita Abraham, bialdu egizu, arren, Lazaro gure aitaren etxera, bost anaia baditut eta; jarri dagizala jakinaren gainean, eurak ere oinaze-leku honetara etorri ez daitezan".

Abrahamek erantzun eutsan: "Hor dabez Moises eta Profetak; entzun deieela".

Harek barriro: "Ez, aita Abraham; hildakoren bat joango balijake, bihozbarrituko litzatekez".

Baina Abrahamek erantzun eutsan: "Moisesi eta Profetei entzuten ez badeutsee, ez dabe sinestuko ezta hildako bat biztuta ere"».