Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Garizumako II. Asteko Ostirala

Garizuma Asteguna B zikloa
🔍 Bilatu

Horra non datorren ameslaria; hil dagigun

Israelek, hau da, Jakobek maiteago eban Jose gainerako semeak baino, zahartzaroko semea ebalako, eta soineko luze apain bat egin eutsan. Aitak maiteago ebala ikusirik, anaiek gorrotoa hartu eutsoen, eta berbea bera ere ukatu egiten eutsoen.

Joseren anaiak Sikemera joanak ziran, aitaren artaldeak larratzera.

Israelek esan eutsan Joseri: «Zure anaiak Sikemen dira ardiak larratzen. Hareekana joan behar dozu». Joan zan, bada, Jose bere anaien bila, eta Dotanen aurkitu ebazan.

Hareek urrunera ikusi eben eta, eurakana heldu baino lehen, alkar hartu eben ha hilteko. Honan inotsen alkarri: «Horra non datorren ameslaria; ea, hil eta bota dagigun ur-putzu batera, eta piztitzarren batek iruntsi dauala esango dogu; orduan ikusiko dogu zertarako izan dituan bere amesetak».

Hori entzutean, Jose hareen eskuetatik libratu guran hasi zan Ruben. «Ez dagigun hil —esan eutsen—. Ez isuri odolik. Bota egizue eremuko putzu batera, baina ez egin kalterik». Jose anaien eskuetatik libratu gura eban aitari bihurtzeko.

Honan bada, Jose anaiakana heldu zanean, kendu eutsoen soineko apain ha eta ur bako putzu batera bota eben. Ondoren, jateko jesarri ziran.

Horretan, Galaadetik etorren ismaeldar bidaiari-talde bat ikusi eben. Egiptora joiazan, gameluetan usaingarriak, erretxina eta mirra eroanez. Orduan, Judak esan eutsen anaiei: «Zer irabazten dogu gure anaia hil eta haren heriotzea ezkutatuz? Saldu deiegun ismaeldarrei, kalterik egin barik, gure anaia dalako eta gure odolekoa».

Merkatariak igarotean, atara eben Jose ur-putzutik eta zidarrezko hogei txanponetan saldu eutseen. Hareek Egiptora eroan eben.

R/ Ekarri gogora Jaunak egin dituan mirariak.

Gosea bialdu eutsen lurraldera,

kendu eutsen ogi-laguntza guztia.

Bazan gizon bat aurretik bialdua,

Jose, morroitzat saldua. R/.

Katez lotu eutsoezan oinak,

burdinez estutu samea,

harek iragarritakoa bete zan arte,

Jaunaren hitzak egiaztatu eban arte. R/.

Erregek agindu eban ha askatu egiela,

herrien buruak handik atara egiela.

Bere etxe-nagusi eban autatu,

bere ondasun guztien buru. R/.

Oinordekoa da. Goazen, hil dagigun.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen abadeburu eta herriko zaharrei: «Entzun parabola hau: Behin batean, nagusi batek mahastia landatu eban eta hesiz inguratu; bertan dolarea egin eta torrea eregi eban; gero, nekazari batzuei errentan itzirik, urrunera joan zan.

Mahatsa batzeko sasoia heldu zanean, bere morroiak bialdu zituan nekazariakana, frututik egokion partea jasotera. Nekazariek, ostera, morroiei heldu eta bata jo, bestea hil eta bestea harrikatu egin ebezan. Barriro beste morroi batzuk bialdu zituan, aurrekoan baino gehiago, eta hareei ere beste hainbeste egin eutseen. Azkenean, bere semea bialdu eutsen, berekautan esanez: "Izango deutsoe begirunea nire semeari".

Nekazariek, ostera, semea ikustean, esan eutsoen alkarri: "Oinordekoa da. Hil dagigun eta geuretzat izango da ondarea". Heldu, mahastitik kanpora bota eta hil egin eben".

Jesusek itaundu eutsen: "Zer egingo deutse nekazari horreei mahasti-jabeak etortean?»

Erantzun eutsoen: «Erruki barik hilgo ditu, eta bere sasoian frutua emongo deutsoen beste nekazari batzuei itziko deutse mahastia».

Jesusek esan eutsen: «Ez al dozue Liburu Santuan behin ere irakurri:

"Etxegileek baztertutako harria

giltzarri egin da.

Jaunak egin dau hori,

gure begien harrigarri?"

Horregaitik dinotsuet: Jainkoaren erreinua zuei kendu eta frutua atarako deutsan herri bati emongo jako».

Parabola honeek entzutean, abadeburu eta fariseuak Jesusek eurakaitik ziharduala jabetu ziran, eta Ha atxilotu guran ebilzan; baina jentearen bildur ziran, danek profetatzat euken eta.