Gaiztoaren heriotzea gura ete dot, bada, Nik, eta ez jokabidez aldatu eta bizitzea?
Honan berba egiten dau Jainko Jaunak:
«Gaiztoa, egindako pekatu guztietatik aldentzen bada,
nire agindu guztiak gordeten baditu
eta zuzenbidez eta justiziaz jokatzen,
biziko da, bai, eta ez da hilgo.
Ez dira gogoan hartuko
harek egin dituan gaiztakeriak;
bere egintza zuzenakaitik biziko da.
Hau dinot nik, Jainko Jaunak:
Gaiztoaren heriotzea gura ete dot, bada, Nik,
eta ez jokabidez aldatu eta bizitzea?
Zintzoak, barriz, bere zuzentasunetik aldendu
eta txarkeria egiten badau,
gaiztoak egin ohi dituan gauza higuingarriak eginez,
bizi egingo ete da?
Ez dira gogoan hartuko haren egintza zuzenak;
egin dituan desleialkeria eta pekatuakaitik,
hil egingo da.
Zuek dinozue: "Ez da bidezkoa Jaunaren jokabidea".
Entzun, bada, israeldarrok:
Nire jokabidea bidezkoa ez dala?
Ez ete da zuena bidezkoa ez dana?
Zintzoa, bere zuzentasunetik aldendu,
txarkeria egin eta hilten bada,
egin dauan txarkeriagaitik hilten da.
Eta gaiztoak, egin dauan gaiztakeriatik aldendu
eta zuzenbidez eta justiziaz jokatzen badau,
bizirik iraungo dau.
Egindako txarkeriez ohartu
eta hareetatik aldentzen bada,
biziko da, bai, eta ez da hilgo».
Salmoa · Sal 129, 1b-2. 3-4. 5-7ab. 7cd-8 (R.: 3)
Itzulpen ofizialik ez dago oraindik bizkaieraz.
Irakurri gaztelaniaz →Zoaz lehenengo senideagaz bakeak egitera.
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Jainkoaren guraria lege-maisuek eta fariseuek baino hobeto beteten ez badozue, ez zaree sartuko zeruetako erreinuan.
Entzuna dozue antzinakoei agindua: "Ez hil inor", eta norbait hilten dauana errudun izango da auzitegian. Nik, ostera, hau dinotsuet: bere senideagaz hasarretzen dana errudun izango da auzitegian; senideari zoroa esaten deutsana errudun izango da batzar nagusian, eta sinesbakoa esaten deutsana infernuko sutarako errudun izango da.
Beraz, zeure oparia altaran eskeintzean, gogoratzen bajatsu zure senideak badauala zerbait zure aurka, itzi oparia han bertan, altara aurrean, eta zoaz, lehenengo, senideagaz bakeak egitera; etorri orduan eta eskeini zeure oparia.
Konpondu zaitez lehenbailehen zeure arerioagaz, beragaz auzitegira zoazan bitartean, arerioak epailearen esku jarri ez zagizan, eta epaileak ertzainaren esku, eta giltzapean sartu ez zagizan. Benetan dinotsut: Ez dozu handik urtengo azken txanpona ordaindu arte».