Ninivetarrak euren bide okerretik bihurtu ziran.
Jaunak barriro berba egin eutsan Jonasi eta esan eutsan: «Ea, zoaz Ninive uri handira, eta iragarri egizu han Nik emoten deutsudan mezua».
Ninivera joan zan Jonas, Jaunak agindu eutsan lez. Ninive uri izugarri handia zan; hiru eguneko bidea eban alderik alde. Sartu zan Jonas urian eta egun bateko bidea egin eban, mezu hau iragarriz: «Berrogei egunen buruan, Ninive birrindua izango da».
Sinestu eutsoen ninivetarrek Jainkoari eta barau-deia zabaldu eben, eta danak, handi eta txiki, dolu-jantziz estaldu ziran. Heldu jakon barria Niniveko erregeari ere eta, tronutik jagirik, errege-jantziak erantzi eta dolu-jantziz estaldu zan, eta errautsetan jesarri. Gero, erregearen eta beronen ministroen agindu hau zabaldu eban Niniven: «Jente eta abere, behi eta ardi, ez begi batek ere ezer dastatu, ez begie larratu, ez begie edan. Jenteak eta abereak estaldu beitez dolu-jantziz; iragarri begie gartsu Jainkoa, eta bihurtu beitez danak euren bide okerretatik eta indarkeriazko euren egintzetatik. Haren baten atzera egingo dau Jainkoak ere eta damutuko da, haren baten amatauko da haren hasarre-sumina, eta ez gara galduko».
Ikusi eban Jainkoak ninivetarrek egin ebena eta euren bide okerretatik bihurtu zirala, eta damutu egin zan hareei egindako mehatxuaz, eta ez eban bete.
R/ Ez dozu baztertuko, Jainko, bihotz damutu eta umildua.
Erruki zakidaz, Jainko, zeure maitasun handiaz,
kendu egizu nire errua zure amaibako errukiaz.
Garbitu nagizu zeharo nire hobenetik,
garbitu nire gaiztakeriatik. R/.
Bihotz garbi bat, Jainko, sortu egizu nigan,
arnasa bizkorra barritu egizu nire barruan.
Ez nagizu urrundu zure aurretik,
zure arnasa santua ez kendu niri. R/.
Ez jatzu-eta atsegin oparirik,
erre-opariak ez zendukez hartuko nik emonik.
Nire oparia, Jainko, bihotz damutua:
ez dozu baztertuko, Jainko,
bihotz garbitu eta umildua. R/.
Gizaldi honi ez jako ezaugarririk emongo, Jonas profetearena besterik.
Aldi haretan, jente asko batzen zala, Jesus honan hasi jaken esaten: «Gizaldi hau gaiztoa da. Ezaugarri eske dihardu, baina ez jako ezaugarririk emongo, Jonas profetearena besterik. Izan ere, ninivetarrentzat Jonas ezaugarri izan zan lez, holan izango da Gizonaren Semea gizaldi honentzat.
Auzi-egunean hegoaldeko erreginak gizaldi honetako jentearen aurka jagi eta gaitzetsi egingo dau, lurraren azken mugetatik etorri zan-eta ha Salomonen jakituria entzutera, eta hona hemen Salomon baino gehiago dana.
Auzi-egunean ninivetarrek ere gizaldi honen aurka jagi eta gaitzetsi egingo dabe, hareek bihozbarritu egin ziran-eta Jonasen predikuaz, eta hona hemen Jonas baino gehiago dana».