Nire berbeak egingo dau Nik gura dodana.
Honan berba egiten dau Jaunak:
«Euria eta edurra zerutik jaisten dira
eta ez dira barriro hara bihurtzen,
lurra ase, ernaldu eta ernamuindu barik,
lur horrek ereiteko hazia
eta jateko ogia emon dagizan;
holan izango da nire ahotik urtendako berbea ere:
ez da Nigana hutsik bihurtuko,
bai, ostera, egingo dau Nik gura dodana
eta beteko nik ezarritako helburua».
R/ Esturaldi guztitik salbau zituan Jainkoak bere eskuz zintzoak.
Handietsi nigaz Jauna,
ospatu dagigun batera Haren izena.
Jaunaren bila nenbilen eta entzun ninduan,
beldur guztietatik atara ninduan. R/.
Begitu egiozue alaitu zaitezen,
aurpegiak lotsatu ez daitezen.
Dohakabe honek ohiu egin eban, eta Jaunak entzun,
estualdi danetatik atara dau bere eskuz. R/.
Zintzoakana dagoz Jaunaren begiak,
eta euren ohiura Haren belarriak.
Gaizkileen aurka Jaunaren aurpegia,
galdu daiten lurrean hareen oroipena. R/.
Zintzoek dei egin eutsoen eta Jaunak entzun,
estualdi guztitik atara zituan bere eskuz.
Hurrean dabe Jauna bihotz urratuak,
salbatzen ditu gogo atsekabetuak.R/.
Zuek honan egingo dozue otoitz.
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Otoitz egitean, ez jardun esan eta esan, jentilak lez, uste dabe-eta euren berba-jarioari esker entzungo jakela. Ez izan hareen antzeko, badaki-eta zuen Aitak zer behar dozuen, zuek eske hasi baino lehen. Beraz, zuek honan egingo dozue otoitz:
"Gure Aita, zeruetan zarana:
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia,
zeruan bezala lurrean ere.
Emoiguzu gaur egun honetako ogia;
parkatu gure zorrak,
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
eta ez gu tentaldira eroan,
baina atara gagizuz gaitzetik".
Izan ere, zuek besteei euren hutsegiteak parkatzen badeutsezuez zuei ere parkatuko deutsue zeruko zeuen Aitak; baina besteei parkatzen ez badeutsezue, zuei ere ez deutsuez parkatuko Aitak zeuen hutsegiteak».