Jesu Kristo berbera da atzo eta gaur; berbera gizaldi eta gizaldietan ere.
Senideok: Iraun egizue senide-maitasunean. Ez ahaztu arrotzei ostatua emotea, holan jokatuz, zenbaitek jakin barik aingeruak hartu ebazan-eta etxean. Gogoan izan preso dagozanak, zeuek ere hareekin preso bazengoze lez; baita tratu txarrak hartzen dabezanak ere, zeuek ere, hareek lez, gorputza dozue-eta.
Hartu egizue guztiok ezkontza errespetu handiz, eta izan garbi ezkontza-hartuemonetan, epaitu egingo ditu-eta Jainkoak lizunak eta adulteriogileak.
Ez izan diru-gose; egon pozik dozuenagaz, Jaunak esana dau-eta: «Ez zaitut itziko, ez baztertuko». Beraz, uste osoz esan daikegu:
«Jauna dot laguntzaile, ez naz bildur:
zer egin daike nire kontra gizakiak?»
Gogoratu egizuez Jainkoaren berbea agertu eutsuen zeuen gidariak, eta jarraitu euren fedeari, zelan bizi eta zelan hil diran kontuan hartuz.
Jesu Kristo bat bera da atzo, gaur eta beti.
R/ Jauna dot argi eta salbamen.
V/.
Jauna dot argi eta salbazino,
nork ni bildurtu?
Jauna biziaren babes,
nork ni ikaratu? R/.
V/.
Gudarosteak inguratzen banau be,
nire bihotzak bildurrik ez;
nire aurka burruka lehertzen bada be,
nire barrua konfiantzaz betea. R/.
Joan da hilen artetik biztutakoa; nik samea ebagi neutsana.
Aldi haretan, jakin eban Herodes erregeak Jesusen barri, honen izena oso ezaguna zan-eta. Batzuek inoen: «Joan Bateatzailea biztu da hilen artetik; horregaitik dau mirariak egiteko ahalmen hori». Beste batzuek, barriz: «Elias da». Eta beste batzuek: «Profetea da, antzinako profetak lakoa». Iritzi honeek entzutean, honan inoan Herodesek: «Nik samea ebagi neutsan Joan haxe biztu da».
Izan ere, Herodesek Joan harrapatu eta kartzelan lotuta eukan, Herodias zala eta. Herodesen anaia Feliperen emaztea zan Herodias, baina Herodesek bere emaztetzat hartuta eukan, eta Joanek esaten eutsan: «Ez jatzu zilegi zeure anaiaren emaztea edukitea».
Horregaitik, gorroto eban Herodiasek Joan eta hil egin gura eban, baina ezin, Herodesek begirunea eutsan-eta Joani; gizon zuzen eta santutzat eukan, eta babestu egiten eban. Joanen hitzek kezkarik sortzen baeutsoen ere, gogoz entzuten eutsan.
Etorri jakon, ostera, Herodiasi aukerako eguna: Herodesek, bere urtebetetzean, afaria emon eutsen agintari, gudalburu eta Galileako handikiei. Sartu zan jantokian Herodiasen alabea eta dantzan egin eban, eta atsegin izan jaken Herodesi eta mahaikideei. Orduan, erregeak esan eutsan neskatileari: «Eskatu gura dozuna, eta emongo deutsut». Eta zin eginez agindu eutsan: «Eskatu ahala guztia emongo deutsut, nire erreinuaren erdia bada ere». Urten eban neskatileak eta bere amari itaundu eutsan: «Zer eskatuko deutsat?» Amak erantzun: «Joan Bateatzailearen burua».
Bihurtu zan arin-arin erregeagana eta eskaria egin eutsan: «Emoidazu oraintxe bertan Joan Bateatzailearen burua azpilean». Triste jarri zan erregea, baina mahaikideen aurrean egindako zinagaitik, ez eutsan ukatu gura izan. Bat-batean, bere goardiako bat bialdu eban, Joanen burua ekarteko aginduz. Joan zan ha kartzelara eta samea ebagi eutsan, eta azpilean ekarri eban burua; neskatileari emon eutsan, eta neskatileak amari.
Joanen ikasleak, hori jakitean, haren gorpua jasotera etorri eta hilobian hobiratu eben.