Sion mendira hurreratu zaree, Jainko biziaren herrira.
Senideok: Zuek ez zaree hurreratu, israeldarrak lez, ikutu daiteken mendi batera, su kiskalgarria, hodei itxia, ilunpea eta ekaitza egozan mendira; ez dozue entzun turuta-hotsik, ezta ahotsik ere. Ahotsa entzun eben israeldarrek ez ekiela gehiago berba egin eskatu eben. Hain zan ikaragarria ikuskizuna, Moisesek berak ere esan eban-eta: «Bildur-ikaraz nago».
Zuek Sion mendira hurreratu zaree, Jainko biziaren urira, zeruko Jerusalemera, Jainkoa goresteko baturik dagozan milaka eta milaka aingerurengana, euren izenak zeruetan idatzirik daben lehen-semeen batzarrera, guztien epaile dan Jainkoagana, euren helburura heldu diran zintzoen espirituetara, eta itun barriaren bitarteko dan Jesusegana, Abelena baino indartsuago berba egiten dauan odolaz garbitu gaituanarengana.
R/ Oi Jainko, hausnartzen dogu zure maitasuna, zure tenpluaren erdian.
V/. Handi da Jauna, guztiz goresgarri.
Gure Jainkoaren urian haren mendi santua:
muino eder, lur osoaren pozgarri. R/.
V/. Sion mendi, Jainkoaren egoitza,
errege handiaren uri.
Hango jauregien artean
gotorleku sendo agiri da Jainkoa. R/.
V/. Entzun genduana geuk ikusi dogu
Jaun ahalguztidunaren urian, geure Jainkoaren urian:
sendo ezarri dauala Jainkoak betiko. R/.
Bialtzen hasi zan.
Aldi haretan, Jesusek Hamabiei dei egin eta binaka bialtzen hasi zan, espiritu gaiztoak botateko ahalmena emoten eutsela.
Biderako ezer ere ez hartzeko agindu eutsen, makilea besterik: ez ogirik, ez zakutorik, ezta dirurik ere gerrikoan; oinetan sandaliak eroan egiezala; baina aldatzeko soinekorik ez.
Gero, zelan jokatu esan eutsen: «Etxe batean sartzean, gelditu bertan herri haretatik urten arte. Eta nonbait onartzen ez bazaituee eta entzun nahi ez, handik alde egitean, astindu zeuen oinetako hautsa, euren kontrako seinaletzat».
Joan ziran, bada, hareek, eta Barriona iragarri eben bihozbarritu eitezan. Deabru asko botaten eben eta gaixo asko osatzen, orioz igurtziz.