Jainkoak, maite dauana zentzatuazoten du.
Senideok: Oraindino ez zaree bizia galtzeraino heldu pekatuaren aurkako zeuen burrukan. Ahaztu egin dozue seme-alabei lez emoten jatzuen aholkua:
«Ene seme, ez baztertu
Jaunaren zentzaldia,
ezta galdu ere adorea,
hasarre egiten badeutsu,
maite dauana dau-eta Jaunak zentzatuazoten
eta seme-alabatzat hartzen dauana dau zigortzen».
Jasaten dozuena zuek zentzatuazoteko da; Jainkoak seme-alaba lez tratatzen zaitue. Izan ere, zein seme-alaba ez dau aitak zentzatuazoten?
Egia esan, edozein zentzabide, momentuan, mingarria da, ez pozgarria; baina, gerora, haren bidez hezitakoei bere frutuak ekarten deutsez: bakea eta zuzentasuna. Jaso egizuez, beraz, esku jausiak eta belaun makalduak, eta ibili zaiteze bide zuzenean, herrenaren hankea hautsi ez daiten, osatu baino.
Ahalegindu zaiteze guztiekaz bakean biziten, eta izan santu; bestela, ez dau inork Jauna ikusiko. Egon zuhur, inork Jainkoaren onginahia galdu ez dagian; ez daitela zuen artean guztiok nahastau eta kutsatuko zaituen landare pozoitsurik hazi.
R/ Jaunaren maitasuna betidanik betidaino bildur deutsenentzat.
Ene arima, goratu egizu Jauna,
neure barru osoak Haren izen deuna.
Ene arima, goratu egizu Jauna,
eta ez ahaztu Harek zuri egindakoa. R/.
Aita bere seme-alabez errukitu ohi dan lez,
bildur deutsoenentzat errukidun da Jauna.
Berak ezagutzen dau gure buztin-orea,
gogoan dau lur-hauts gareala. R/.
Jaunaren maitasuna, barriz, bildur deutsoenentzat
betidanik betidaino,
Haren zuzentasuna hareen seme-alaben haurrenganaino;
Haren ituna gordeten dabenentzako,
bete asmoz Haren aginduez oroitzen diranentzako. R/.
Bere herrian bakarrik gitxiesten dabe profetea.
Aldi haretan, Jesus bere herrira joan zan, ikasleak ondoren zituala. Hurrengo zapatuan, sinagogan irakasten hasi zan. Entzule askok, harriturik, honan inoen: «Nondik dau Honek hori guztiori? Zer da emon jakon jakituria hori? Eta honen eskuz jazoten diran mirari horreek? Hau ez al da, ba, arotza, Mariaren semea eta Santiago, Jose, Judas eta Simonen anaia? Eta honen arrebak ere ez al dira hemen gure artean bizi?» Eta ezin eben sinestu Haregan.
Jesusek esan eutsen: «Profeteari edonon emoten deutsoe ohore, bere herrian, senitartean eta etxean izan ezik».
Eta ezin izan eban han miraririk egin; holan ere, gaixo bakar batzuk osatu zituan, eskuak gainean ezarriz. Eta harriturik egoan hareen sinesgogorkeriaz. Gero, inguruko auzoetan ibili zan, irakasten.