Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko III. Asteko Osteguna

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
Tomas de Aquino Santua (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Sendo iraun dagigun gure itxaropena autortzen; eta alkarren arreta izan dagigun, maitasunean alkar berotzeko.

Senideok: Badogu konfiantzea Jesusen odolari esker santutegian sartzeko, Jesusek bide barri eta bizia edegi deusku-eta kortinan zehar, hau da, bere gorputzean zehar. Eta Jesus abade handia Jainkoaren etxeko buru dogunez, hurreratu gakiozan bihotz zintzoz eta fede osoz, barrua pekatu-kontzientzia guztitik garbiturik eta gorputza ur garbiz txukundurik.

Iraun dagigun sendo itxaropena autortzen, berbakoa da-eta agintzaria egin dauana. Lagundu deiogun alkarri, maitasunean eta egintza onetan alkar gogoberotuz. Ez itzi batzarrera joateari, batzuek ohi daben lez, eta adoretu alkar; eta are gehiago Jaunaren egunak hurreratzen diharduala ikusten dozuen honetan.

R/ Hau da, Jauna, zure aurpegi bila dabiltzanen taldea.

V/.

Jaunarena da lurra, eta lurra betetzen dauana,

mundua eta bertan bizi diranak,

harek ezarri dau-eta itsasoen gainean,

harek finkatu lur azpiko ibaien gainean. R/.

V/.

Jaunaren mendira nork igongo?

Haren toki santuan nor egongo?

Eskuak erru barik eta bihotza garbi dituana,

sasijainkoetara jotzen ez dauana. R/.

V/.

Holakoa bedeinkatuko dau Jaunak,

justizia egingo deutsa Jainko salbatzaileak.

Hau da haren bila ahalegintzen dan gizaldia,

Jakoben Jainkoaren aurpegi bila dabilena. R/.

Argimutilaren gainean ipinteko ekarten da argia. Zuek erabilten dozuen neurriaz izango zaree neurtuak.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsan jenteari: «Lakaripean edo ohe azpian ipinteko iziotzen ete da kriseilua? Ez ete argimutilaren gainean ipinteko iziotzen? Izan ere, ez dago ezer gordeta agertuko ez danik, ezta ezkutuan ere argitaratuko ez danik. Entzuteko belarririk dauanak, entzun begi!»

Beste hau ere esan eutsen: «Kontu izan zelan entzuten dozuen! Zuek zein neurritan entzun, neurri berean emongo deutsue Jainkoak, eta gehiago ere bai. Izan ere, dauanari emon egingo jako; ez dauanari, ostera, dauan apurra ere kendu».