Kristok santutasun betea ekarri deutse behin betiko,santu egindakoei.
Senideok: Abadeak egunero dihardu bere kultu-zerbitzuan, pekatua ezelan ere kendu ezin daben opari berberak behin eta barriro eskeintzen. Kristo, ostera, pekatuakaitik opari bat bakarra eskeini ondoren, Jainkoaren eskumaldean jesarri zan behin betiko. Eta, orain, Jainkoak arerioak oinaulkitzat noiz jarriko deutsazan itxaroten dago. Izan ere, opari bakar baten bidez euren betera eroan ditu Jainkoarentzat behin betiko sagaratuak diranak.
Autorpen bera egiten deusku Espiritu Santuak ere, hau esatean:
«Hona hemen etorkizunean
hareekin egingo dodan ituna dino Jaunak.
Bihotzean ezarriko deutsedaz neure legeak
eta buruan idatziko.
Eta hareen pekatuak eta gaiztakeriak
ez ditut gehiago gogoratuko».
Holan bada, pekatuak parkaturik dagozanean, ez dago pekatuen parkamenerako opari beharrik.
R/ Abade zara Zu, Melkisedek bezala, betiko.
V/. Hona Jaunak nire jaunari esana:
«Jesarri nire eskuman,
zeure arerioak oinazpian jartzen deutsudazan bitartean». R/.
V/. Siondik zabaltzen dau Jaunak
zure errege-makilaren aginpidea;
menperatu egizuz guduan arerioak. R/.
V/. Zu nagusi garaipen-egunean
santutasun-distiraz;
gaztetasun-iruntza datorkizu egunsentiaren altzotik. R/.
V/. Zin egin dau Jaunak eta ez da damutuko:
«Abade zara Zu, Melkisedek bezala, betiko». R/.
Urten eban ereileak ereitera.
Aldi haretan, Jesus barriz ere irakasten hasi zan itsasertzean. Eta hainbeste jente batu jakonez ondora, uretan egoan txalupa batera igon eta bertan jesarri zan. Jente-taldea, barriz, lehorrean egoan, itsasbazterrean. Gauza asko irakatsi eutsen parabola bidez berba eginez. Honan ziharduan eurekin bere irakatsaldian:
«Entzun! Behin batean, urten eban ereileak hazia ereitera. Ereitean, ale batzuk bide-bazterrean jausi ziran, eta txoriek etorri eta jan egin ebezan. Beste batzuk harri artean jausi ziran, lur handirik ez zan lekuan, eta azaleko lurra izanik, bat-batean erne zan; baina eguzkiak jo orduko, erre egin zan eta, zuztarrik ez ebalako, ihartu.
Beste ale batzuk sasi artean jausi ziran, eta sasiek, haztean, ito egin eben hazia eta ez eban fruturik emon. Gainerakoak lur onean jausi ziran, eta erne, hazi eta frutua emon eben: bateko hogeita hamar, hirurogei nahiz ehun». Eta ohar hau egin eutsen Jesusek: «Entzuteko belarririk dauanak, entzun begi!
Bakarrik gelditu ziranean, Hamabiakaz batera Beragaz ebilzanek parabolen esanahiaz itaundu eutsoen Jesusi. Eta Honek esan eutsen: «Zuei emon jatzue Jainkoaren erreinuaren misterioa ezagutzea; kanpokoei, ostera, dana parabola bidez emoten jake, Liburu Santuak dinoena bete daiten: ikusten dabe, bai, baina ohartzen ez; entzuten dabe, bai, baina ulertzen ez; holan, ez dira Jaunagana bihurtzen eta ez jake parkatzen».
Eta esan eutsen gainera: «Parabola hau ez dozuela ulertzen? Zelan ulertuko dozuez, bada, beste parabola guztiak?
Ereileak berbea ereiten dau. Berbea ereitean, batzuk "bide-bazterra" lez dira: entzun baizen laster, Satanasek etorri eta hareekan erein dan hitza kendu egiten deutse. Beste batzuk "harri artea" lez dira: berbea entzutean, bat-batean pozik hartzen dabe; baina zuztar bakoak eta iraupen gutxikoak izanik, berbea dala-eta estutasun nahiz erasoaldiren bat sortu orduko, huts egiten dabe. Beste batzuk, barriz, "sasi artea" lakoak dira: entzuten dabe berbea, baina mundu honetako ardurak, diru-gosea eta bestelako grinak nagusitzen jakez eta hitza ito egiten deutsee, frutu barik itziz. Eta hona nor diran "lur ona" lakoak: berbea entzun, onartu eta frutua emoten dabenak: bateko hogeita hamar nahiz hirurogei nahiz ehun».